Titoren ametsa, amesgaizto

Bigarren Mundu Gerran sortu zen Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista, Josip Broz 'Tito'-ren gidaritzapean. Hura hilda, etnien arteko tirabirak hasi ziren, harik eta 1991n gerra lehertu zen arte.

Serbiako presidente Milosevic, Kroaziako Tudjman eta Bosniako Izetbegovic, bakea sinatzen, 1995ean. BERRIA.
mikel rodriguez
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Iraganean hegemonista serbiarrek zanpatutako Jugoslaviako nazio guztiek Serbiako herriarengan dute orain aliatu nagusia. Serbiako herria daukan odol guztia isurtzen ari da inbasorearen eta haren zerbitzari traidoreen aurka, Jugoslaviako nazio guztien independentzia osoaren alde. Serbiako herriak ez du lehengora itzuli nahi, kroaziarrek, esloveniarrek, mazedoniarrek, montenegroarrek eta musulmanek nahi ez duten bezala». Josip Broz Tito Jugoslaviako partisanoen buruzagiak 1942an errandako hitzak dira, Alemaniaren eta Italiaren okupazioaren eta horien aldeko ustase kroaziar faxisten eta chetnik serbiar monarkikoen aitzinean etnien arteko batasuna aldarrikatuz. 1991n, ordea, Titoren ametsa deuseztatu egin zen, eta etnia horien arteko harremana «lehengora» itzuli zen. Bosnia eta Herzegovinako Federazioan elkarrekin bizi ziren hiru etnia nagusiak, eta, horren ondorioz, han gertatu ziren gerrako sarraski handienak.

Bigarren Mundu Gerra ezinbertzeko erreferentzia da Jugoslaviako gatazkan. Lehenik eta behin, 1990eko hamarkadan desegin zen estatua Bigarren Mundu Gerran bertan sortu zutelako Titok eta haren partisanoek. Horrez gain, 1945etik Europaren erdigunean lehertu den gerra konbentzional bakarra izan delako Jugoslaviakoa, eta kontinente zaharrak ustez iraganean utzita zeuzkan mamuak berpiztu zituelako: kontzentrazio esparruak, garbiketa etnikoa eta hirien setioak.

Tito mariskalaren mugimenduaren ezaugarrietako bat zen etnia anitzekoa izatea. Jugoslaviako izaera nabarmendu nahi zuen Titok, hizkuntza, erlijio eta kultura ezberdintasunen gainetik. Mariskala bera batasunaren sinbolo errespetatua bilakatu zen. Ustezko harmonia horren azpian sortu ziren, ordea, Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista leherrarazi zuten arrakalak. Pitzadura horien artean nabarmena izan zen 1974ko konstituzioa. Titok erabateko deszentralizazioa hobetsi zuen, federazioa praktikan konfederazio bihurtuz ia.

Nazionalismoen indartzea

Horrek diskurtso nazionalistak indartu zituen. Alde batetik, Kroaziak eta Esloveniak independentziaren aldeko joera indartu zuten. Jugoslaviako herrialde aberatsenak ziren, tradizio katolikokoak, eta Europako mendebaldearekin harreman historikoa zutenak. Bertzalde, serbiar nazionalistek arriskuan ikusi zuten Jugoslaviako etnia nagusiaren posizioa, batez ere gutxiengoa ziren federazioetan. 1980an hil zen Tito, batasunaren ikurra, eta hurrengo urteetan joera nazionalistak azkartu egin ziren.

Esloveniak eta Kroaziak independentzia aldarrikatu zutenean, 1991n, Belgradek indarrez erantzun zien. Eslovenian gatazkak hamar egun iraun zuen, Belgradek independentzia onartu zion arte, hango serbiarrak soilik herritarren %2,5 inguru zirelako (1991ko errolda). Kroazian, ordea, gerra latza lehertu zen independentisten eta serbiar nazionalisten artean. Hor aditu zen lehenbizikoz garbiketa etnikoa terminoa.

Bosnia eta Herzegovinako gerrak, berriz, are ageriagoan utzi zuen gatazkaren izaera etnikoa. Federazio hori ez zen gainerakoak bezain homogeneoa: 1991ko erroldaren arabera, bosniar musulmanak %40 inguru ziren, serbiarrak heren bat inguru eta kroaziarrak %17 inguru. Lurraldearen banaketa ere heterogeneoa zen: serbiarrak gehiengoa ziren federazioaren %40 inguruan, musulmanak %37an, eta kroaziarrak %17an. 1992an, gerra hasi zenean, talde bakoitzak helburu propioaren alde egin zuen: bosniar musulmanek independentziaren eta federazioaren batasunaren alde egin zuten, serbiarrek independentziaren aurka egin zuten, eta haiek kontrolatutako lurraldean Sarajevoko agintetik bereizitako errepublika aldarrikatu zuten, eta kroaziarrek ere errepublika propio bat aldarrikatu zuten Zagreben sostenguarekin.

Bosniako gerraren amaiera

Gehienak izan arren, militarki alde ahulena ziren bosniar musulmanak. Bi arrazoi nagusirengatik lortu zuten egoerari buelta ematea: AEBen bitartekaritzarekin, bakea sinatu zuten kroaziarrekin, eta Bosnia eta Herzegovinako Federazioa sortu zuten bi komunitateek. Hortik aitzinera, elkarrekin jo zuten serbiarren aurka. 1995eko udan, berriz, Srebrenicako sarraskiaren ondoren —lau egunean 8.000 musulman hil zituzten indar serbiarrek—, NATOk indar serbiarren aurka aire-eraso kanpaina gogorra hasi zuen. Urte hartako azaroan bukatu zen gerra, Daytongo Akordioekin. 1996ko otsailean, serbiarren indarrak Sarajevotik erretiratu ziren, ia lau urteko setioari amaiera emanez. Leningradekoak (1941-1944) baino urte eta erdi gehiago iraun zuen. 11.000 lagun hil zituzten Sarajevon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.