Tolosako hiltzailearen beste ekintza baten beldur dira Frantzian

François Molins fiskalak uste du «edozein unetan» eraso egin dezakeela, eta esan du «terrorista, arrazista eta antisemita» delaSenideek eskatuta, Jerusalemen lurperatuko dituzte eskolan hildako lau juduak, gaur

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Okzitanian inor gutxi aterako da lasai kalera atzo Frantziako fiskalak Tolosako hiltzaileaz esan zituenak entzun ostean. «Edozein unetan» beste ekintza hilgarriren bat egin dezake, François Molinsek ziurtatu duenez, eta haren izaera definitzen duten ezaugarriak eman ditu: «Segurantza handikoa da» Tolosan herenegun lau judu hil zituenean erakutsi zuen bezala; «jarduteko modu bera izan zuen» Montanbaun jatorri magrebtarreko hiru militarrak hil zituenean; «aurrez ongi pentsatuta» egin du eraso, jakinda noren aurka ekin, eta baliteke «berriz ekiteko asmoa» izatea. «Terrorista, antisemita eta arrazista da»; bere ekintzak, berriz, «terroristak, zentzu juridikoan». Eta biktimei albo-albotik tiro egiteko joera du.

Izaera horrek dakarren arriskuari erantzuteko jarri dute alerta mailarik handiena eremuan, eta Tolosako eta inguruko herrietako kaleak segurtasun indarretako ordezkariz josi dituzte. Orain arte lau eguneko tartearekin hil duela konturatu dira, baina «goizegi» da, Molinsen ustez, ekintzen denborazko pauta ezartzeko. «Begiak irekita» edukitzeko ohartarazi die herritarrei oro har, eta segurtasun indarrei bereziki.

Claude Gueant Barne ministroaren azalpenak fiskalaren ildo beretik joan dira. Haren ustez, hiltzailea profesionala da, eta gorroak bultzatuta egiten du eraso. Profesionala da, «hotza» delako ekintzetan, «azkarra», eta zehaztasunez jokatzen du. Herenegun umeak eta irakaslea hiltzen zituen bitartean hilketa grabatzeko lepoan zintzilik zeraman kamerak erakusten du, Gueanten ustez, hiltzailea nolakoa den, baina hark kamera eramatea «hipotesi bat besterik ez» dela gaineratu du fiskalak.

Ozar Atorah juduen Tolosako eskolan kamerek gertatutakoa jaso dute, 2005eko erasoen ostean segurtasun neurri bereziak zeuden eta, eta filmatutakoak ikusteko aukera izan duten gutxiekGueantek esandakoak baieztatu dituzte: eskolan sartu eta hil zuen neskatoetako bat iletik hartu zuen, eta tiro egin zion belarrian.

Baina hoztasun horretaz gain, baztertu egin dute atzo arte komunikabideetan nagusitu zen hipotesia: jarrera neonazia izateagatik 2008an armadatik bota zituzten paraxutistena. «Bertsio hori ez dago besteen gainetik», baina, Polizia iturri baten arabera, militarrak galdekatu dituzte, eta baztertu egin dute horiek izan direla.

Gizon bakar baten ekintza izan dela, berriz, esatea badago, baina ez dakite laguntza izan duen edo ez. 250 aditu ari dira parte hartzen ikerketan, eta prestaketa bereziko segurtasun indarretako 200 kide baino gehiago joan dira Paristik, Tolosan lanean ari direnei laguntzera.

Hildakoen omenez

Gertatutakoak izua eragin du, are gehiago, hartu duen dimentsioarekin, baina atzokoa ere dolu eguna izan da askorentzat. Frantziako haur guztiek egin zuten atzo minutu bat isilik, 11:00etan, Okzitaniako Tolosan hil zituzten hiru ikasleak eta irakaslea gogoan. Haiekin bat egin zuten milaka herritarrek elkartasunez, eta agintariek haien ondoan egon nahi izan zuten. Parisko eskola bana aukeratu zuten Nicolas Sarkozyk eta François Hollandek, nork bere ezaugarri eta eman nahi duen irudira egokitutakoak. Presidenteak, 4. barrutiko eskola bat, «juduak ziren, baina zuek izan zintezketen» esateko leku egokia, eta presidentegaiak, Seine-Saint Denisko bat, «frantziarren izaera askotarikoa ondoen ordezkatzen» duen gunean. Bieketen dute kanpaina, gaur arte gutxienez, baina, atzo, dolua eszenifikatu zen guneetan izan ziren. Sarkozyk bi urtean izan duen babesik handiena lortu du,LHD enpresaren inkestaren arabera.

Sarkozyk eskolaren ostean musulmanen eta juduen ordezkariak hartu zituen, eta bi komunitateei «berdin-berdin» elkartasuna eta babesa erakutsi. Gaur, lau hildakoak Israelen lurperatzen dituzten bitartean, bera Montaubanen egongo da, jatorri magrebtarreko hiru militarren aldeko omenaldian parte hartzen.

Jonathan Sandler errabinoa eta Miriam Monsonego, Arieh Sandler eta Gabriel Sandler umeak Jerusalemen lurperatuko dituzte, familiak hala eskatuta. Sandlerrek urteak egin zituen Israelen tradizio eta lege juduak ikasteko eskoletan, eta bi urterako itzuli zen Frantziara, umetan ikasi zuen lizeoan eskolak ematera. Hil duten arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.