Tolosako udaltzainak armatu egin dituzte

'Mehatxu terroristagatik' alerta gorena jarri dutela eta, salbuespenezko neurriak hartu dituzte

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Tolosako udaltzainak atzotik armaturik dabiltza kalean, Frantziako Polizia Nazionalak Vigipirate plana ezarri duela eta. «Neurria mehatxu terroristari aurre egiteko hartu dugu», Jean-Pierre Havrin Tolosako Segurtasunaren buruzagiak azaldu duenez. Udaltzainek ezin dituzte armak eraman, ez dutelako horretarako ahalmenik, baina «salbuespenezko neurria» da.

Vigipirate plana 1990eko erasoen ostean sortu zuten, eta mehatxu terroristei aurre egiteko Poliziaren eta indar armatuen arteko elkarlana koordinatzen du. Lau alerta maila daude: horia, laranja, gorria —2005ean Londresko atentatuaz geroztik maila horretan dago Frantzia— eta eskarlata, atzotik jarritakoa.

Alerta eskarlatarekin, bide luzea egiten duten trenetan kontrolak egin daitezke, tuneletan debekuak eta murrizketak ezarri, zibilen hegaldiak gerarazi eta iturriko ura gutxitu edo kendu. Alerta eskarlatarekin, Vigipiratek hirietako garraioa bertan behera utz dezake, batez ere lur azpikoa, Frantzia osoan edo, kasu honetan bezala, zati batean, eta eskoletako ekintza guztiak eten ditzakete, besteak beste.

Ez dago epe jakinik, gainera, salbuespenezko neurri horiek kentzeko. Arriskua erabat amaitu dela frogatu arte iraun beharko luke, adituen ustez, baina ezin da luzaroegi ezarri, gizabanakoaren eskubideak murrizten dituelako erabat.

Udaltzainek, gainerako segurtasun indarrekin batera, gizon atletiko bat bilatzeko agindua dute. Lasai eta hotza delako itxura hartzen badiote, geratzeko eta, behar izanez gero, atxilotzeko agindua, zer esanik ez motor zuri handi bat badauka —hasieran beltza zela esan zuten—. Nolako aurpegia duen ezin da jakin, kaskoa baitarama hiltzen duenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.