tiroketa okzitanian

Tolosako ustezko hiltzailea buruan tiroa jota hil dute

Poliziarekin izandako tiroketan hil da Mohamed Merah. Bost polizia zauritu dira, François Molins Parisko fiskalburuaren arabera. Atzo goizetik zeukan Poliziak Mohamed Merahen etxea inguratuta. Hauteskunde kanpaina abian da berriro. 

2012ko martxoaren 22a
17:46
Entzun

François Molins Parisko fiskalburuak emandako azken informazioaren arabera, Mohamed Merah Okzitaniako Tolosako ustezko hiltzailea buruan tiroa jota hil da, Frantziako Poliziarekin izandako tiroketan. Merahek tiroa jaso du eraikineko lehen solairuko leihotik salto egitera zihoanean, iturri horien arabera. 

Molinsek baieztatu du atzoko 23:00etatik ez dutela elkarrizketarik izan ustezko hiltzailearekin, eta jakinarazi du bost polizia zauritu direla tiroketan. Molinsek gaineratu du Merahek balentzako ator bat zeramala txilabaren azpitik eta bainugelan zegoela babestuta.

Fiskalburuak esan du segurtasun indarrek Merah bizirik harrapatzeko agindu zutela, baina nabarmendu du "bidezko defentsan" jardun dutela.

Molinsen adierazpenen aurretik, Frantziako Gobernuko Barne Ministerioak zabaldu du leihotik salto eginda hil dela Merah, baina ez dute zehaztu buruan tiroa jota zendu denik. 

Polizia iturrien arabera, Merahek tiroz erantzun die poliziei. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak segurtasun indarreko kideak zoriondu ditu, egindako lanagatik. 

Atzo goizaldetik zeukan Poliziak inguratuta ustezko hiltzailearen etxea, Tolosako Sergent Vigne kalean. Gaualdetik lehergaiak jartzen eta tiroak botatzen aritu da Polizia haren etxearen aurka. Poliziak etxearen inguruko argindarra moztu du. 

Lehergailuak gau osoan

Gaueko lehen eztandak 22:34 aldera entzun dira, eta gutxi gorabehera ordubetetik behin jaurti du Poliziak lehergairen bat, lekukoek Efe agentziari jakinarazi diotenez. Frantziako Gobernuko Barne Ministerioaren arabera, lehergailu horiekin ustezko hiltzailearekiko "presioa" areagotu nahi zuten.

"Arrisku gutxien dakarren estrategia hartu behar da. Ez dugu gizonezko bat lurrean ikusi nahi", azaldu dute iturri horiek berek. Hala ere, Barne Ministerioak esan du ez zekitela bizirik zegoen, atzo gauetik ez baitzuten haren berri.

Le Parisien egunkariak jaso du 01:00 aldera negoziazioak berriro hasi dituela Poliziak Merahekin. Le Monde egunkariaren arabera, segurtasun indarrek ustezko hiltzailearen amari eskatu diote harekin hitz egin dezan, baina ezezkoa eman du.

04:50 aldera, Frantziako Poliziaren dozena bat furgoneta heldu dira etxe ingurura, baina auto gehienek lekua utzi dute minutu batzuk geroago, lekukoen arabera.

Hauteskunde kanpaina abian da berriro

Gaur bertan presidentetzarako kanpainarekin aurrera jarraituko dutela adierazi dute Sarkozy eta Hollande hautagaiek, ustezko hiltzailearen heriotzaren ostean. Hauteskunde kanpainaren baitan antolatutako agerraldiak bertan behera utzi zituzten astelehenean. 

  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.