'Kelly auzia'

Tony Blairren komunikazio arduradun Alistair Campbellek dimititu egingo du

'Kelly auzia' dela eta, Erresuma Batuko Gobernuko Komunikazio eta Estrategia zuzendari Alistair Campbellek dimisioa aurkeztuko du Downing Streetek jakinarazi duenez. Hala ere, kargua utziko duela iragartzearekin batera, Campbellek eta Blair lehen ministroak hitz goxoak izan dituzte elkarrenganako. Blair historian arrastoa utziko duen lehen ministroa dela esan du Campbellek; lehen ministroak, berriz, Komunikazio zuzendari ohiak "bere ideiekiko eta herriarekiko beti leial" jokatu duela nabarmendu du.

2003ko abuztuaren 29a
18:06
Entzun
Blair lehen minisrtroak atzo James Hutton epailaren aurrean deklaratu, eta gaur Alistair Campbell Komunikazio zuzendariak dimisioa aurkeztu duela jakin da. 'Kelly auzia' dela eta, Irakeko suntsipen handikoarmei buruzko txostena ez zutela "manipulatu" ziurtatu zuen atzo Blairrek epailearen aurrean. Kellyren heriotzari buruz, ostera, BBCri txostenaren inguruko informazioa eman zion `satorra' zientzilaria zela zabaltzeko erabakiaren "azken ardura" berea zela onartu zuen Blairrek; hau da, informazio hori Gobernutik atera zela.

Adierazpen horiek egin eta ordu gutxiren buruan aurkeztu du dimisioa Campbellek.

Nolanahi ere, lehen ministroak eta Komunikazio zuzendari ohiak hitz goxoak izan dituzte elkarrenganako. Campbellek esan du "pribilegio izugarria" izan dela Blairrengandik hain hurbil lan egitea, "oposizioan zein gobernuan"."Historiak lehen ministro handi eta eraldatzaile gisa epaituko duela uste dut", adierazi du Blairri buruz.

Lehen ministroak, berriz, Campbellen leialtasuna azpimarratu du: "Berak sinesten dituen kausen aldeko zerbitzari leial, ausart eta gaitasun itzelekoa da. Ez bakarrik bere kausena, baizik eta bere herriarena. Lagun handia izan dut, hala da, eta etorkizunean ere hala izango da", nabarmendu du Blairrek.

Nolanahi ere, bere agintealdiko unerik zailenak bizizen ari da Blair. 'The Daily Telegraph' egunkariak argitara eman duen inkesta baten arabera, britainiarrek Blairrengan konfiantza galdu dute 'Kelly kasua' dela eta. Inkestaren emaitzek diotenez, 2.365 herritarren %27k bakarrik dauka konfiantza Erresuma Batuko lehen ministroan. Emaitza horiek 1998an, Blair gobernura iritsi eta urtebetera, egin zuten inkestaren emaitzekin konparatu ditu egunkari horrek. Urte hartan, herritarren %74k Blairrengan konfiatzen zuten.

Abuztuaren 26 eta 28 artean egin zuen inkesta 'The Daily Telegraph' egunkariak. Inkesta hortako emaitzen arabera, Erresuma Batuko herritarren %22k Gobernua "prestua eta duina" dela uste dute.

Inkesta horretan beste datu batzuk ere eman ditu egunkari britainiarrak. Herritarren %37k hauteskundeak orain egingo balira, Alderdi Kontserbadoreari emango zioten botoa, eta beste %35ak Blairren partidua aukeratuko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.