Wikileaks atariaren azken dokumentu sorta kate luze baten lehen atala baino ez da. Aurretik egon dira filtrazio gehiago ere, baina ez neurri eta hedadura honetakoak. Agiriak tantaka kaleratzeari ekin diote, eta orain arteko ekarpena ez da horren mugarria izan; ezin da auzitan jarri diplomaziak baliatzen dituen trikimailuak agerian utzi dituztela dokumentuok agintarien praktika lizunak azaleratuz, baina batzuk besteak zelatatzen aritzen direla ez da sekretua diplomaziaren barruan, eta kaltegarri izan zitekeena orain arte mesedegarri izan da; izan ere, munduko potentziek aho batez babestu dute aliatu handia, baita hark egindakoen berri izan ostean ere.
Horrek filtrazioaren inguruko kezkak, errezeloak eta zalantzak sortzen ditu, are gehiago petrolio upelen prezioa igo denean, atariko arduradunek «sekretu goreneko» dokumenturik kaleratu ez arren, espioitza mailarekin harridura agertu dutenean, eta, batez ere, filtrazioaren aurretik negoziatzen saiatu zirela azaleratzean, norekin eta Etxe Zuriarekin -horren ezezkoak ere susmagarriago egiten du auzia-.
Eta hori prentsa askatasunaren eta gardentasunaren izenean inoiz egindako filtrazio handiena modura saldutako cablegate-a soilik komunikabideen eskura jarri dutenean, atariak defendatzen duen teoriarekin inkoherenteki jokatuz, tartean egunkariek isilpekotasun klausula bat sinatu behar izan dutelako agiriak jasotzearen truke, eta horrekin hedabidea mezua dela dioen teoria indartu baino ez dutelako egin, gainontzeko komunikabideei filtrazioaren filtrazioa utziz.
WIKILEAKSEN FILTRAZIOAK
'Top secret'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu