Tornadoek eragindako txikizioek gutxienez 20 lagun hil dituzte AEBetan

Etxe Zuriak esan du prest dagoela kalterik handiena izan duten lekuetara laguntza bidaltzeko

arantxa iraola
2007ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Tornado bortitzek erasan dute AEB Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldea eta horien ondorioz gutxienez 20 lagun hil dira.AEBetako Gobernuak jakinarazi du George Bush «atsekabetuta» dagoela jazoerarekin, eta administrazioa prest dagoela laguntza emateko.Atzo arratsaldean mendebaldetik ekialdera ari zen tornado ekaitza.

Illinois, Missouri, Alabama, eta Georgia estatuetan eragin zituzten kalteak, batez ere, tornadoek. Kansas eta Arnkansasen ere atzeman zituzten ondorioak.Alabaman latza izan zen eguna. Hodei beltz batek estali zuen ia estatu guztia, eta ondorioak beldurgarriak izan ziren. Tornadoetako batek Enterprise herriko eskola batean eragindako txikizioen ondorioz, esate baterako, zortzi ikasle nerabe hil ziren.

Anabasa handia eragin zuen tornadoak ikastetxean; eraikinaren hormak bota zituen, eta ondoren sabaia ikasleen gainera erori zen. Hasieran hildako gehiago izango zirela pentsatzen zuten. Enterprise herrian bertan, beste pertsona bat ere hil zen atzo haize erauntsien ondorioz, eta 40 lagun inguru zaurituta erietxera eraman behar izan zituzten.

Alabaman hildakoak gutxienez 10 izan ziren, beste udalerri batean ere hildako bat izan baitzen. Estatuko leku askok itxura penagarria zuten: aurrez fabrikatutako etxeak txiki-txiki eginda geratu ziren, eta tornadoek botatako arbolak arrisku handia izan ziren errepide askotan. Larrialdietarako neurriak jarri zituzten martxan, eta eskola asko, badaezpada ere, itxi egin zituzten.

Georgian ere latzak izan ziren tornadoaren ondorioak. Baker konterrian tornadoek hainbat etxe txikitu zituzten eta sei lagun hil ziren. Americus herrian, berriz, tornado batek erietxe baten parean hartu zuen lur, eta kalte handiak eragin zituen erietxeko eraikinean, eta horien ondorioz bi lagunek galdu zuten bizia. Georgiako estatuan beste pertsona bat ere hil zenhaizearen ondorioz.

Missourin tornado batek hainbat etxebizitza eta gasolindegi bat txiki-txiki eginda laga zituen, eta zazpi urteko neskato bat hil zen haize bolada handiek eragindako triskantzen ondorioz. Kalte materialak ere, oro har, oso handiak dira.



IPARRALDEAN, ELURTEAK. Ameriketako Estatu Batuetako ipar-ekialdean, berriz, elur eta izotz ekaitz bortitzak dituzte, eta latzak gertatzen ari dira horien ondorioak ere.Ipar Dakotan bi pertsona hil ziren atzo errepide irristakorrean auto istripua izanda, eta Nebraskan ere hildako bat izan zen. Elurteak datozen orduotan ugaritu egin daitezkeela ohartarazi dute meteorologia zerbitzuek.



'La Niña' fenomenoaz ohartarazi dute

AEB Ameriketako Estatu Batuetako zientzialariek aste honetan ohartarazi dute abian dela La Niña izeneko fenomenoa. El Niño deiturikoaren ostean etortzen da normalean, eta kliman ondorio argiak izaten ditu. Pazifikoko urak hoztu egiten ditu La Niña-k ekuatore parean, eta ondorioetako bat izaten da, besteak beste, urakanak Karibean eta AEBetako hegoaldean normalean baino bortitzagoak izaten direla.Aurtengorako oraindik aurreikuspen zehatzik egin ezbadute ere, erne ibili beharko dela ohartarazi dute NOAA Ozeanoen eta Atmosferaren Administrazio Nazionaleko adituek. Eta badute eskarmentua auzi honetan. 2005ean ere La Niña fenomenoa agertzen ari zela eta, urakanen denboraldia ohi baino gogorragoa izango zela aurreikusi zuten, eta bete-betean asmatu zuten: Katrina urakanak kalte izugarriak eragin zituen. AEBetako beste zenbait tokitan, berriz, Texasen kasu, lehorte handiak izango diren susmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.