Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Torra: «Fiskaltzaren indarkeria akusazioak ikaragarri larriak dira»

Kataluniako presidenteak uste du sententzia «inflexio puntu bat» izango dela. ANCrekin eta Omniumekin batzartu da erantzuna koordinatzeko

Quim Torra Kataluniako presidentea, atzoko agerraldian. ANDREU DALMAU / EFE.
ander perez zala
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Quim Torra Kataluniako presidentearentzat, fiskaltzak U-1aren epaiketan aurkeztu dituen ondorioak «gogorrak» dira. Batez ere, indarkeriaren erabilerari buruzkoak: «Fiskaltzaren indarkeria akusazioak ikaragarri larriak dira. Ez zen estatu kolperik izan Katalunian».

Adierazpen horiekin egin zien atzo erreferentzia prozesu subiranistaren aurkako epaiketan Javier Zaragoza fiskalak esandakoei. Urte politikoari buruzko hitzaldia zen —bilan «positiboa» egin zuen—, baina Kataluniako presidenteak ez zuen saihestu epaiketari erreferentziarik egitea; izan ere, datozen hilabeteei buruz aritzeko agerraldia ere izan zen, eta agenda politikoa erabat hartuko du buruzagi katalan independentistei buruzko epaiak. Horri begira, Torrak «politikaren judizializazioa» salatu zuen berriz ere, eta urteotan «jasandako errepresioa»; hain justu, azken horren adibidetzat ditu Zaragozak jakinarazitako ondorioak.

Orain, sententziari erantzun bateratua emateko asmoa du Kataluniako presidenteak, eta horregatik abiatu zuen atzo bilera sorta bat autodeterminazioaren alde agertu diren eragile politiko, sozial eta ekonomikoekin. Lehenik, Kataluniako Biltzar Nazionalaren (ANC) presidente Elisenda Paluzierekin eta ANCren presidenteorde Pep Cruanyesekin batzartu zen; gero, Omnium Culturalen presidenteorde Marcel Maurirekin. Paluziek berak jarri zuen helburua, hitzorduaren ostean: independentismoak «batasun estrategikoa berreskura» dezala. Zail izango dute, atzo bertan CUPek salatu baitzuen «estatuaren errepresioari» aurre egiteko Torraren «gaitasunik eza».

Boz aurreraturik ez

Bere egoeraz, Torrak adierazi zuen ez dela «inoiz sentitu behin-behineko presidente», eta uko egin zion Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak aurreratzeari: «Ez dut hori egiteko planik». Hori bai, ohartarazi zuen sententzia «inflexio puntu bat» izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.