Urrats bat atzera egin, eta egoera desblokeatu du Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak. Astearte iluntze honetan dekretu bat izenpetu du, eta Josep Rull, Jordi Turull (kartzelan), Lluis Puig eta Toni Comin (erbestean) kontseilari izendatzeko asmoan atzera egin du.
Haien ordez, lau pertsona berri, justiziarekin konturik ez dutenak, izendatu ditu kontseilari: Maria Angels Chaconek hartuko du Enpresako ardura —Industriako zuzendaria eta PDeCATeko kidea da—; Elsa Artadi PDeCATekoa zen orain arte Enpresa Kontseilaritza hartzeko ardura zuena, baina Presidentziara aldatu du Torrak; Laura Borras izango da Kulturako kontseilaria —Junts Per Catalunyako diputatua da orain—; Alva Verges Osasunako kontseilari izango da —ERCko kidea eta Parlamentuko Mahaiko kidea da orain—; Damia Calvetek gidatuko du Lurraldeko kontseilaritza.
Gobernua ez zelako parekidea ere zenbait kritika jaso ditu Torrak azkeneko egunotan; aldaketa hauek eginda, orekatuagoa izango da Kataluniako gobernu berria: zortzi gizon, eta sei emakume izango ditu.
Torrak errepresaliatutako lau kide izendatu zituen gobernuko kide izateko, baina oztopoak besterik ez ditu izan erabaki horrek. Espainiako Gobernuak uko egin zion aldizkari ofizialean agindua argitaratzeari, eta, argitaratu ezean, ezin zuten agindua indarrean sartu.
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusira jo zuen, orduan, Torraren taldeak, baina auzitegiak egunotan ebatzi du ez duela eskumenik gai horri buruz ezer ebazteko.
Azkenean, egoera desblokeatu egin du presidente berriak. Generalitateak esan du gobernu berria osatu eta herritarren zerbitzura lehenbailehen jartzeko asmoa duela.
Gobernuak berak jakinarazi du, bestalde, inplikatutako lau pertsonekin harremanetan izan dela telefonoz, eta haien onespena duela erabakiak. Beti Generalitateak esandakoaren arabera, kartzelan eta erbestean direnek "konfiantza" eman diote Torrari, eta ziurtatu diote haiek "konponbidearen parte" izan nahi dutela, "eta ez arazoaren parte".
"Gobernu legitimoaren" aldeko mezua ez uzteko ere eskatu dute preso eta erbesteratuek, baina kritikatu egin dituzte Katalunian gobernu berria eratzeko orain arte jarri izan diren traba guztiak.
Iragarri dute Torra Bruselara joango dela bihar, asteazkena, Lluis Puigekin eta Toni Cominekin biltzeko.
Rajoyren aurkako kereila, bidean
Gobernu berriak mahaiaren gainean ditu hartuko dituen lehen erabakiak. Lehen bilera egin bezain pronto eskatuko dute Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua kentzeko. Horrekin batera, Mariano Rajoyren aurkako kereila bat aurkezteko asmoa ere badu, prebarikazioa egotzita, Generalitateko kontseilarien izenak aldizkari ofizialean argitaratzeari uko egiteagatik.
Horrekin batera, azkeneko urteetan Espainiako Gobernuak helegitea jarri eta Auzitegi Konstituzionalak indarrik gabe utzi dituen Kataluniako Parlamentuko zenbait lege berriro indarrean jartzeko ere eskatzeko asmoa du Generalitate berriak; izaera sozialeko 11 lege aipatzen dituzte Kataluniako hedabideek.
Espero da datozen egunetan egingo dituztela kargua hartzeko zinak, baina oraindik ez dago argi noiz. Kontseilari bihurtzekoak direnetatik bi, Teresa Jorda eta Ester Capella Espainiako Kongresuan diputatu ere badira —ERCkoak dira biak—, eta zentsura mozioari buruzko eztabaidan egon behar dute ostegunean eta ostiralean, Madrilen.
Cominen boto delegatua utzi du
Torrak dekretua iluntzean izenpetu du, baina goizean Toni Cominek eman du albistea: Belgikan erbesteratua dago kontseilari ohia, eta jakinarazi du boto delegatua emateko aukera kendu egin duela. Belgikako justiziak atzera bota zuen hura Espainiaratzeko eskaria, eta beraz Cominek ez dauka, momentu honetan, justiziarekin "zorrik". Zenbait taldek eskatua zuten, arrazoi hori medio, haren boto delegatua bertan behera uzteko, teorian Kataluniako Parlamentura joan ahal izango lukeelako —nahiz eta atxilotua izatea arriskatuko lukeen—.
Erabaki hori hartuta, Junts Per Catalunya eta ERC gehiengo sinplerik gabe gelditu dira Kataluniako Parlamentuan. Hortaz, CUPen botoren baten beharrean izango dira independentistak, berriro, parlamentuko eztabaidak irabazi ahal izateko.