Katalunia

Torrak alegatu du "ilegala" zela xingola horiak kentzeko agindua

Kataluniako presidentea epaitzen ari dira «desobedientziagatik». Torrak ez dio erantzun Voxeko abokatuek osatutako herri akusazioari, frankistak direla argudiatuta.

Qium Torra Kataluniako Auzitegi Nagusian, gaur goizean. ANDREU DALMAU / EFE
Edu Lartzanguren - Paulo Ostolaza
2019ko azaroaren 18a
16:47
Entzun

Quim Torra Kataluniako presidentea epaitzen ari dira Kataluniako Auzitegi Nagusian; gaur egingo dute epaiketa osoa, goiz eta arratsaldez. Apirilaren 28an Madrilgo Kongresurako eta Senaturako eginiko hauteskunde kanpainan, preso politikoen aldeko xingola horiak kentzeko agindu zion Espainiako Hauteskunde Batzordeak Torrari. Generalitateak, ordea, xingola zuriekin eta politikari presoen aldeko mezuekin ordezkatu zituen, eta, gero, horiek ere kendu zituen, Kataluniako arartekoaren aholkuari jarraituz. Torrak argi utzi du gaur ez ziola jaramonik egin hauteskunde batzordeari: «Ez, ez nuen bete. Ezinezkoa zen legez kanpoko agindu bat betetzea. Erakunde horrek ez zuen horretarako eskumenik».

Hauteskunde Batzordeak gertatutakoa ikertzeko eskatu zion Espainiako Fiskaltza Nagusiari, eta Kataluniako Fiskaltzak Torraren aurkako salaketa aurkeztu zuen. Hauteskunde Batzordearen aginduari «kontzienteki» muzin egitea leporatu diote gaur. Presidenteari «desobedientziagatik» kargu publikoetan aritzea urtebete eta zortzi hilabetez debekatzeko eta 30.000 euroko isuna ezartzeko eskatu du fiskaltzak.

Torra 11:00 aldera hasi da deklaratzen. Lehenik eta behin, azaldu du Gonzalo Boye bere abokatuaren galderei soilik erantzungo ziela, eta uko egin dio fiskaltzaren eta Vox alderdiko abokatuak ordezkatzen zuen herri akusazioari erantzuteari: «Argi utzi nahi dut Vox alderdi frankista bat dela». Jesus Barrientos epaimahaiko buruak «deskalifikazioak» alde batera uzteko agindu dio hori esan eta gero.

Hauteskunde batzordeak emandako agindua inpugnatu egin zuen Torrak, eta, oraindik erantzunik jaso ez badu ere, epaiketa egiten ari dira jada; Kataluniako presidenteak «prebarikazioa» egotzi die batzordeko kideei, eta saiatu da erakusten haietako hainbatek independentismoaren aurkako ideiak dituztela. Pankarta eta xingolak zergatik jarri zituen galdetuta, esan du «kataluniarren gehiengoaren nahia betetzen» ari zela; haren arabera, preso politikoak izatearen aurka ez baitaude independentistak soilik: «Ziur nago sozialistei bozkatzen dieten askok ere bat egiten dutela aldarrikapen horrekin». 

Hurrengo, Espainiako Polizia Nazionaleko bederatzi kide eta mossoetako deitu ditu deklaratzera epaimahaiak. Eurak arduratu ziren Generalitatean eskegita zegoen pankartari argazkia ateratzeaz. Horri buruz, Torrak lehenago esan du Generalitatearen eraikinik gehienak ez dituela bere agindupean, tartean eskolak eta osasun zentroak. Voxek deituak zituen lekukoei uko egin die —besteak beste, Carlos Carrizosa Ciutadanseko bozeramailea Kataluniako Parlamentuan eta Elsa Artadi Generalitateko bozeramaile ohia—, eta epaile nagusiak amaitutzat eman du testigantzak jasotzeko fasea. Probak aurkezteko tartea izango dute orain Torraren abokatuek, fiskaltzak eta herri akusazioak.

Inhabilitazioa

Francoren diktaduraz geroztik, lehen aldia da karguan den presidente bat epaitzen dutena —Mas eta Puigdemont kargua utzi ostean epaitu zituzten—. Orduan, zer gertatuko da epaimahaiak fiskaltzari arrazoi eman eta Torrari kargu publikoak izateko aukera kentzen badio? Presidente izateari utziko lioke, eta, bitartean, Pere Aragones presidenteordeak hartuko luke bere postua. Jarraian, Kataluniako parlamentuak izango luke presidente berri bat hautatzeko eskumena, eta, hautagai batek beharrezko babesak eskuratuko ez balitu, hauteskundeak egin beharko lituzkete handik bi hilabetera.

Gaur egiten ari diren epaiketaren ebazpena azkarra izango dela aurreikusten dute adituek —hilabete gehienez ere—. Ondoren, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenean errekurtsoa jartzeko aukera izango luke Torrak.

«Espainia eta justizia hitz guztiz bateraezinak dira», esan zuen Generalitateko presidenteak atzo Bescanon (Girona, Herrialde Katalanak) eginiko ekitaldi batean: «Ez naiz joango neure burua defendatzera, baizik eta presidente gisa dudan eginkizuna betetzera, hau da, neure herrikideen eskubideak eta askatasunak defendatzera, eta estatua salatzera neure eskubideak eta katalan guztienak urratzeagatik». Haatik, independentziarako bidea «zaila, baina atzeraezina» dela gaineratu zuen.

Beste bi akordio bertan behera

Bestalde, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebazpen bat argitaratu du, eta Kataluniako Parlamentuaren beste akordio bat bertan behera utzi —joan den astean ere indargabetu zuen bat—. Ciutadansek jarri zuen babes errekurtsoa, parlamentuak bere ordezkaritza funtzioa erabiltzea eragotzi ziola egotzita.

2018. urteko otsailean CUPek aurkeztu eta Parlamentuak onartutako bi zuzenketari eragiten die auzitegiaren erabakiak. Zuzenketek «independentzia aldarrikapenaren balioa, Kataluniako erakundeen subiranotasuna eta urriaren 1eko erreferendumaren legitimitatea» berresten zituzten. Andres Ollero epailearen arabera, ordea, zuzenketa horiek Auzitegi Konstituzionalak ebatzitako epaiei jaramonik egin gabe onartu ziren, eta politikariek «huts egin zieten euren betebehar konstituzionalei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.