Politika

Torrak autodeterminazio eskubidea baliatu nahi du legealdi amaieran

"Hautetsontziak jartzeagatik 100 urteko zigorra jartzen badigute, erantzuna argia da: berriz jarri beharko ditugu".

Torra, gaur, legebiltzarrean. QUIQUE GARCIA, EFE.
Oihana Elduaien Uranga.
2019ko urriaren 17a
16:14
Entzun

Kataluniako Legebiltzarrean epaia baloratzeko osoko bilkura egiten ari dira gaur, eta han esan du Quim Torra gobernuburuak ez duela etsitzeko asmorik. Herri akordio handi bat behar dela esan du, autodeterminazio eskubiderako eta presoen "amnistia" lortzeko. Alderdiak ez ezik sindikatuak eta gizarte eragileak ere behar direla uste du, eta eskubide zibil eta politikoen alde aritu beharko lukeela.

"Zeregin bat daukagu: ahalik eta epe motzenean autodeterminazio eskubidea zehazteko bideak marraztea. Akordio handi horren barruan, legegintzaldia autodeterminazio eskubidea baliatuz amaitzea proposatuko dut nik".

"Suminduta" agertu da epaiarekin, "fartsa handi bat" dela esan du, eta "mendekua" besterik ez duela bilatzen. "Modu lotsagarrian" eskubideak urratzen dituela salatu du, eta estatuaren zimenduak "lurperatu" dituela.

Zigorra jaso duten buruzagi subiranistak errudunak badira, bera ere erruduna dela esan du, gainera, Torrak: "Hautetsontziak jartzeagatik 100 urteko zigorra jartzen badigute, berriz jarri beharko ditugu autodeterminaziorako".

Beste hiru egiteko ere zehaztu ditu:

1-Nazioartean egin beharreko lana, Puigdemonten eta haren taldearen lidergoarekin.

2- 2020rako aurrekontuak onartzea, katalanen beharrei "bide emateko".

3-Lluis Llach diputatu ohiak gidatuta etokizuneko Konstituziora bidean egiten ari diren eztabaida. Hark 2020an ondorioak aurkeztea espero da.

Torrak egindako iragarpena ez zaie askorik gustatu ERCri eta CUPi. Sergi Sabria ERCko bozeramaileak esan dio ez dela datak jartzeko garaia. Proposamenaren berririk ez zutela salatu du. ERCko kideek egin nahi duten bidea ere akordio handiena dela onartu du, baina gaineratu du eperik jarri gabe egin nahi dutela bide hori.

CUPeko Natalia Sanchez ildo beretik mintzatu da. Beste erreferendum baterako eguna zehaztea "arriskutsua" eta "ez-onuragarria" dela ohartarazi du. Sanchezek argitu du CUP beste erreferendum bat antolatzearen aldekoa dela baina "sinesgarritasun gutxi" aitortu die Torraren hitzei, "ia aldebakarreko" proposamena izan delako.

Mossoen indarkeria

Mossos d'Esquadraren jokabideari buruzko aipamenak ere egin dituzte indar independentistek gaurko osoko bilkuran. Astelehenean, Bartzelonako aireportuko protesta ekintzan eta azken egunetan izan diren liskarretan Kataluniako Poliziak erakutsi duen bortizkeriarekin kezkatuta agertu dira ERC eta CUP. Sabriak Mossoen "justifikaziorik gabeko" esku hartzeak ikertzeko eskatu dio gobernuari, baina uko egin dio Miquel Buch Barne kontseilariaren dimisioa eskatzeari. "Nahikoa da: ez buruan zauritu gehiagorik, ez gomazko pilota gehiagorik. Polizia demokratikoa nahi dugu, jendearekin neurrigabe arituko ez dena".

Torrak hitzeman du Poliziaren protokoloa urratzen duten jokabideak ikertu egingo dituela. CUPek, berriz, Buchen agerraldia eskatu du, parlamentuan azalpenak eman ditzan, eta ERCri galdegin dio babestu dezala agerraldi eskaera hori. Orain arte Buchekin bigunegi aritzea leporatu dio.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.