Katalunia

Torrak ez du bozetara deituko osasun krisiak iraun bitartean

Parlamentua desegiteak bere gaitasun legegilea desegingo lukeela argudiatu du, eta alderdien interesak lehenetsiko liratekeen "lehia gordin" bat hasiko litzatekeela.

Quim Torra, Kataluniako lehendakaria. RUBEN MORENO, EFE
2020ko maiatzaren 17a
11:41
Entzun

Quim Torra Kataluniako presidenteak baztertu egin du bozetara deitzea koronabirusak sortu duen egoera gainditu bitartean. Gaur bi urte bete dira kargua hartu zuenetik, eta La Vanguardia egunkarian argitaratu duen artikulu batean esan du ez duela hauteskundeetara deituko "azken garaietako larrialdi osasun, ekonomia eta giza larrialdi handienaren erdian". 2017ko abenduan egin ziren azken hauteskundeak Katalunian, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua baliatuta deitu ondoren, baina agintaldia amaitu aurretik Torrak udaberri honetan berriro bozetara deitzea espero zen, aurrekontuak onartu ostean, "agintaldia amaitutzat" emanda.

"Ez da hau garaia parlamentua eta haren gaitasun legegilea desegingo lituzkeen hauteskunde prozesu batera eramateko herrialdea, erakundeak eta alderdiak. Argudiatu du hauteskundeek "lehia gordin" bilakatuko luketela "elkarlan garai bat izan beharko lukeena, eta alderdien interesak lehenetsiko liratekeela iragarri du. "Orain herrialdea jarri behar dugu alderdien gainetik. Erantzukizunagatik eta zorroztasunagatik".

Torrak esan du lehentasunak orain ekonomia berpiztea eta zaurgarrienak babestea direla. "Kolpea geratu behar dugu, eta herritarrei, gizarte erakundeei, enpresei eta ekintzaileei baliabide guztiak eskaini". Haren hitzetan, baliabideak eta subiranotasuna beharrezkoak dira errekuperaziorako, eta hiru helburu jarri ditu: "Aldaketa soziala bihurtzea errepublikaren motor, herritarren zerbitzura egongo den Katalunia baterako prozesu konstituziogile bat prestatzea, eta demokraziarekiko eta askatasunarekiko konpromisoagatik jazarri zaien pertsonen errestaurazioa".

Aste honetan, ERCko hainbat buruk —tartean Oriol Junqueras, espetxetik— eskatu diote Kataluniako Gobernuari adosteko bozetara deitzeko egun bat gobernuan dauden alderdiekin. Junquerasek gaur Ara egunkarian egin dioten elkarrizketan ere eskatu du bozetarako eguna Junts pel Catalunyarekin adosteko, baina esan du ez duela zertan berehala izan: "Lehentasuna ahalik eta bizitza gehien salbatzea da, berreraikuntzarako oinarriak jartzeko". Gaineratu du lehendakarigaia izan nahiko lukeela eta Espainiaren jazarpena borrokatzen ahaleginduko direla, baina, ezin bada bera izan, ERCn bera baino hautagai hobeak daudela gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.