Katalunia

Torrak hilabeteko epea eman dio Sanchezi erreferendum adostu bat proposatzeko

Torrak adierazi du Sanchezek galdeketa baterako proposamenik egiten ez badu ezin izango diola "egonkortasuna bermatu" Espainiako Kongresuan. Madrilek berehala erantzun dio: "autogobernua, eta ez independentzia".

Quim Torra Kataluniako presidentea, gaur, Kataluniako Parlamentuko politika orokorreko eztabaidan. QUIQUE GARCIA, EFE
2018ko urriaren 2a
07:20
Entzun

Joan den igandean, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak bidali zion oharra Pedro Sanchez Espainiako presidenteari: EAJren denbora eta pazientzia amaitzen ari direla, eta Gernikako Estatutuan jasota dauden eskumenak "berehala" transferitzeko eskatu zion. Gaur Quim Torra Kataluniako presidenteak egin dio ohartarazpena, bestelako mezu batekin. Azaro hasiera arteko epea eman dio "erreferendum adostu, lotesle eta nazioartean aitortu bat" proposatzeko. Hala egin ezean, Espainiako Kongresuan ezin izango dio bere gobernuaren "egonkortasuna bermatu". Kataluniako Parlamentuan egin ditu adierazpen horiek Torrak, politika orokorreko eztabaidan.

"Kataluniaren pazientzia ez da mugagabea eta Pedro Sanchezen tartea amaitu da", esan du Torrak. Generalitateko presidenteak aurreratu du, gauzak horrela, eskutitz bat bidaliko diola Sanchezi, "negoziatzeko" bilera bat antolatu dezaten, "lehenbailehen". Torraren esanetan, Espainiako presidenteak azaldu behar du nola "erraztu" nahi duen "autodeterminazioaren ariketa". Azaldu duenez, Kataluniako Gobernuak "negoziazioa" eskaintzen dio Espainiari, eta "bitartekaritza" aukera nazioarteko komunitateari. 

Torrak nabarmendu du "konpromiso zehatzak eta ausartak" hartzeko garaia heldu zaiola Sanchezi eta "mehatxuak eta zehaztasun eza" alboratzekoa. Kataluniako presidenteak gaineratu du ez duela elkarrizketa eskaintza gehiago entzun nahi, "ez bada argi zehazten".

Torrak deitoratu egin du Sanchezek berari "normaltasun politikoa arriskuan jartzea" leporatu izana, "erradikalei erakunde demokratikoak estutzera animatuz". Generalitateko buruak adierazi du Madrilek jartzen duela arriskuan normaltasun politikoa Katalunian, "preso politikoekin eta erberteratuekin" eta "autodeterminazio eskubidea ukatuta". Kataluniako Gobernuak "155aren hirukoarekin pazientzia handikoa" izan dela nabarmendu du; "duela urte bete demokrazia defendatu zuen gizarteak eskatzen duena baino pazientzia handiagokoa".

Torraren iritziz, Espainiako Estatuaren jarrera "autoritarioa eta zapaltzailea" dira "kalean dagoen tentsioaren arduradun nagusiak". Horrenbestez, Kataluniako presidentearen hitzetan, "guztioi interesatzen zaigu gatazka politiko hau konpontzea, sekula ere espetxe, erbeste, jazarpen judizial eta polizia indarkeria terminoetan gauzatu behar ez zena".

"Autogobernua; ez independentzia"

Berehala erantzun dio Espainiako Gobernuak Torrari, presazko agerraldian, Isabel Zelaa gobernuko bozeramailearen ahotik. "Generalitateko presidenteak ez du azarora arte itxaron behar gure erantzuna zein den jakiteko. Oraintxe emango diogu: autogobernua, eta ez independentzia".

Zelaak gaineratu du Espainiako Gobernuak ez duela inolako ultimatumik onartuko, eta elkarrizketaren aldeko apustua berretsi du. Torrari "distentsioa eta lasaitasuna" eskatu dizkio.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.