Katalunia

Torrak iritziz aldatu eta Mediterraneoko Jokoen irekierara joatea erabaki du

Kataluniako presidenteak hasiera batean ekitaldira joateari uko egin dion arren, bertan izango da azkenean, eta Felipe Borboikoarekin egingo du topo. Urriaren 1eko erreferendumean Espainiako poliziek erabili zuten indarkeriari buruzko txostena emango dio.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia, Quim Torra Kataluniako presidentea eta Elsa Artadi Generalitateko bozeramailea, atzo, Berlinen egin zuten bileran. MARKUS HEINE, EFE
2018ko ekainaren 22a
19:26
Entzun

Mediterraneko Jokoetako irekierara ez zela joango adierazi arren, azkenean, ekitaldian parte hartuko du Quim Torra Kataluniako presidenteak. Bertan izango da Felipe Borboikoa Espainiako erregea ere. Elkarrekin egingo dute topo Torrak eta Espainiako erregeak, lehenengoa Kataluniako presidente denetik.

Hainbat egunetan hausnartu ondorengo erabakia izan da, eta azken orduan moldatutakoa. Torrak Generalitateko kontseilariekin eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiarekin aztertu du Mediterraneoko Jokoen ekitaldira joan eta Felipe Borboikoarekin topo egiteko aukera. Gaur goizean Kataluniako presidentearen hautua ekitaldira ez joatea bazen ere, eguerdian iritziz aldatu du, eta Tarragonan (Herrialde Katalanak) ospatuko den irekieran izango dela iragarri du.

Kataluniako presidenteak adierazpen instituzional baten bidez eman du erabakiaren berri. Adierazpen horretan, Torrak Espainiako erregeari aurpegiratu dio urriaren 1eko erreferendumeko "errepresaliatuei" inolako babesik ez agertu izana. Erreferendumaren egunean Espainiako segurtasun indarrek herritarren aurka erabili zuten indarkeriaren txosten bat emango dio Torrak Felipe Borboikoari. "Duintasuna nahi dugu; ez argazkiak. Duintasuna nahi dugu. Hau da, Kataluniako herriaren borondatearekiko errespetua".

Torrak adierazi du Generalitateko ordezkaririk ez dela joango Espainiako Errege Etxeak antolatutako ekitaldietara, eta Kataluniako Gobernuak ez duela Espainiako Erregea gonbidatuko haren ekitaldietara. Horrez gain, presidenteak aurreratu du uko egingo diola Gironako Printzea fundazioko presidenteorde karguari.

Espainiako erregearekin biltzeko saiakera bat egin du Torrak aurretik. Eskutitza idatzi dio Felipe Borboikoari, aste honetan, Mediterraneoko Jokoen irekiera baliatuz, bilera batera gonbidatzeko. Asteazkenean jakin zen Errege Etxeak Espainiako Gobernuari eman ziola eskutitzaren berri; konstituzioaren arabera gobernuak oniritzia eman behar baitio erregearen jardun ofizialari.

Espainiako Gobernuak bilera hori ez baimentzea erabaki zuen. Gobernuaren iritziz, Felipe Borboikoa ezin da Torraren mintzaidea izan "gai politikoetarako", eta Madrilek uztailaren 9ko bilerara bideratu zuen Kataluniako presidentea. Egun horretan biltzekoak dira Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua eta Torra.

Torra Puigdemontekin bildu zen atzo, eta erregeari planto egiteko aukerak indarra hartu zuen Espainiako Gobernuaren erantzunarekin. "Urriaren 3az geroztik, ez da Espainiako erregearen aldetik inolako barkamen keinurik", adierazi zuen Torrak Puigdemontekin bildu ondoren. Asteartean, Elsa Artadi Generalitateko bozeramaileak ziurtatu zuen ez zela Kataluniako Gobernuaren eta Espainiako erregearen arteko protokolo harremanik izango erregeak urriaren 3ko hitzaldian agertu zuen jarrera aldatzen ez bazuen.

Artadik adierazi du posiblea dela "Espainiako Errege Etxearen eta Kataluniako herriaren arteko harremana" hobetzea. Horretarako, Felipe Borboikoari eskatu dio berreskura dezala Juan Carlos Borboikoaren "izpiritua" eta Felipe bera printze zenekoa. "Kataluniako erabakiak errespetatuko zituztela" adierazi zutela gogoratu dio erregeari. Artadik Felipe Borboikoari ohartarazi dio kataluniarren %60k zero punturekin baloratzen dutela Espainiako monarkia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.