"Gauza guztietaz" mintzatzeko aukera izan dutela azaldu du Torrak. Bileran, Kataluniako presidenteak autodeterminazio eskubidea jarri du mahai gainean, eta Espainiako presidenteari ohartarazi dio eskubide hori "errespetatzearekin" lotuta dagoela gatazka politikoaren irtenbidea. Eta gogorarazi dio ez dutela "inolako biderik baztertuko" independentzia lortzeko.
Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak baieztatu du, bileraren edukiaren berri ematean, Kataluniako presidentea autodeterminazio eskubideaz mintzatu zaiola Sanchezi: "Espainiako presidenteak erantzun dio autogobernu gorenarekin, eta Konstituzioaren eta boterearen deszentralizazioarekin. Autodeterminazioa ez da existitzen, Kataluniak parte hartu zuelako itun handiaren, Konstituzioaren osaketan", gaineratu du Calvok.
Madrilen eskaintzari dagokionez, Calvok baieztatu du Kataluniako "lege batzuei" betoa kentzeko prest daudela: "Energiari, pobreziari edo osasun unibertsalari buruzkoak, esaterako". Laburbilduz, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen eskaintza izan da arlo sozialeko betoak kentzea, eta alde biko batzordean eskumenez eta inbertsioez mintzatzea. Alegia, Kataluniako autogobernua hobetzeko konpromisoa hartu du Sanchezek.
Madrilen eta Bartzelonaren arteko harremana eta elkarrizketa "normalizatzeko" batzartu dira Sanchez eta Torra, Madrilen. "Hemen, gaur, [Carles] Puigdemontek egon behar zuen", gogorarazi du Torrak. Edukiari begira, gutxi espero zen, bi agintarien arteko lehen hartu emana izan delako, baina bi aldeek adostu dute Kataluniako Estatutuan aurreikusita dagoen alde biko batzordea martxan jartzea, Espainiako Estatuaren eta Generalitatearen artekoa. "Elkarrizketarako toki handia dago, eta eguneroko gaiez mintzatuko gara han", azaldu du Calvok.
Izan ere, Madrilek marra gorri bat du, eta hala jakinarazi dio Espainiako presidenteak Kataluniakoari: "Kataluniako Estatutuarekiko eta esparru konstituzionalarekiko errespetua". Preso politikoei buruz, honakoa azaldu du Calvok: "Generalitateko presidentearekin batzartu gara, eta ez dago preso politikorik gure herrialdean. Kataluniako presidenteak badaki hori".
Sanchezek Twitter bidez jakinarazi du haren jarrera: "Krisi politiko batek irtenbide politiko bat behar du". Ordea, Madrilek ez dio atea ireki Torraren proposamen horri.
Hurrengo bilera Bartzelonan egitea eskaini dio Torrak Sanchezi, eta Calvok baieztatu du egin egingo dela, datarik eman gabe.