Maria Eugenia Alegret Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko magistratuak ikertu gisa deklaratzera deitu ditu Roger Torrent eta ganberako beste hiru kide. Kataluniako Fiskaltzaren arabera, Torrent parlamentuko presidente zela, ganberak «legez kanpoko» bi ebazpen onartu zituen iragan legealdian: bata, autodeterminazio eskubidearen aldekoa, eta bestea, monarkia gaitzesten zuena. Horren harira deitu dituzte deklaratzera, irailaren 15erako.
Fiskalek azaldu zutenez, parlamentuko idazkari nagusiak eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak jakinarazi zieten legez kanpokoak zirela ebazpen horiek, baina parlamentuko mahaiak ez zien jaramonik egin. Hori dela eta, fiskaltzak auzitara eraman zituen Torrent eta mahaiko gainontzeko kide subiranistak: ERCko Adriana Delgado, eta JxCko Josep Costa eta Eusebi Campdepadros. Desobedientzia egozten diete laurei, Espainiako Auzitegi Konstituzionalari entzungor egiteagatik.
Jose Joaquin Perez de Gregorio eta Assumpta Pujol fiskalen arabera, auzitegiak zuzenean eman zizkion abisuak Torrenti, 2019ko urriaren 10ean eta 16an; argi jakinarazi zioten presidentearen betebeharra zela parlamentuan aurkezten zen legez kanpoko edozein egitasmo eragoztea.
Fiskalek diotenez, jakinaren gainean egonda ere, parlamentuko mahaiak onartu egin zuen urriaren 22an ERCk, JxCk eta CUPek aurkeztutako ebazpen bat. Hiru alderdiek honela zioten idatzian: «Parlamentuak diputatuek nahi bezainbestetan babestuko dute autodeterminazio eskubidea, baita Kataluniako herriak bere etorkizun politikoa erabakitzeko duen subiranotasuna ere».
Ebazpen berak bazuen beste puntu bat, zioena diputatuek nahi bestetan gaitzetsi ahalko zutela monarkia. Parlamentuak 2019ko azaroaren 26an onartu zuen ebazpen hori.
Torrent, Twitter sare sozialaren bidez, kritiko agertu da Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiarekin, eta, horretaz, adierazi du «errepresioaren makineriak martxan jarraitzen» duela «adierazpen askatasuna mugatzeko eta zapaltzeko».