Torrenten ustez, "legeari iruzur" egitea da Puigdemonten hautagaitzaren kontrako helegitea jartzea. Hala azaldu du, Espainiako Gobernuak helegitea jarriko duela berretsi ostean egindako agerraldian. Kataluniako herritarrei, legebiltzarkideei eta demokrazia parlamentarioari "iruzur" egin nahi izatea egotzi dio PPren gobernuari: "Hautetsontzietan irabazi ez zutena auzitegietan irabazi nahi dute orain".
Konstituzionalean helegitea jarri dute, eta hura, bihar bilduko da erabaki bat hartzeko. Auzitegietako iturriek diotenez, magistratuek iritzi desberdinak dituzte, eta eztabaida egon daiteke. Era berean, Junts Per Catalunyako diputatuek Espainiako Auzitegi Gorenera jo dute, hari eskatzeko, berehala baliogabetu dezala Ministroen Kontseiluak inbestidura saioari helegitea jartzeko egindako akordioa. Helegite horrek "oinarrizko eskubideak" urratzen dituela salatu dute.
Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiko presidenteak azpimarratu du eskua luzatuta daukala elkarrizketarako, baina horrek ez duela esan nahi geldirik egongo denik. Azpimarratu du har daitezkeen bide juridikoak aztertuko dituztela legebiltzarreko zerbitzu juridikoek.
Hitz egiteko deia behin baino gehiagotan egin arren, Mariano Rajoyren gobernuak "ezagutzen duen hizkuntza bakarrean" erantzun du, Torrentek salatu duenez: "Mehatxua eta politikaren judizializazioa". Haren ustez, Espainiako Gobernua Kataluniako herritarrei esaten ari zaie ez dutela boto egokia eman. Nolanahi ere, ohartarazpen bat egin dio PPri: "Demokrazia ezin da suspenditu".
Torrenten agerraldia hasi baino minutu batzuk lehenago amaitu da Soraya Saenz de Santamariarena, Madrilen. Espainiako presidenteordeak nabarmendu du Carles Puigdemont Generalitaterako presidentegaiak atxilotze agindua duela Espainiako Estatuan. "Justiziaren esku jartzea da Espainia zapaltzen duenean egin behar duen lehenengo gauza", ziurtatu du. Madrilen iritziz, egoera horretan Pugdemont ezin da izan presidente izendatua izateko hautagai.
Gobernuak goizean onartu du Puigdemonten hautagaitzaren kontrako helegitea aurkeztea Auzitegi Konstituzionalean. Aurretik, baina, Estatu Kontseiluari eskatu zion erabakiaren egokitasuna azter zezala, eta Estatu Kontseiluak neurria hartzearen kontrako iritzia helarazi zion, atzo, oinarri nahikorik ez zela ohartarazita. Saenz de Santamariak adierazi du gobernuak Kontseiluari "errespetu osoa" dion arren uste duela Puigdemonten hautagaitza eragozteko aukerak daudela, eta Espainiako Gobernuak "eskura dituen neurri politiko eta juridiko guztiak" erabiltzeko "betebeharra" duela.
Espainiako presidenteordeak nabarmendu du egungo egoera aurretik izan gabea dela. Gogorarazi du Puigdemonti "demokraziaren kontrako delitu larriak" leporatzen zaizkiola, eta uko egin diola Auzitegi Gorenean erantzuteari. Haren esanetan, gobernuak arduraz jokatu behar du, Puigdemontek "estatu zuzenbideari berriz ere eraso egitea eragozteko".
Auzitegi Konstituzionalak gobernuaren helegitea tramiterako onartuz gero, Puigdemonten hautagaitza bertan behera geldituko litzateke, Saenz de Santamariaren esanetan. Adierazi du hori izaten dela ohiko prozedura gobernuak beste aldi batzuetan "legeak eta gertaerak" errekurritu dituenean. Hala ez gertatzeak ordenamendu juridikoan "kalte larriak" eragingo lituzkeela ohartarazi du, eta independentismoak gorakada izan dezakeela.
Ildo horretan, Espainiako presidenteordeak astearteko osoko bilkura bertan behera utzi beharra aipatu du. "Bilkura hori egitea eragotz badezakegu, eragotzi egin behar dugu". Horretarako erabakiak azkar hartu beharko direla ere ohartarazi du. "Astearteaz ari gara hizketan, eta gaur ostirala da".
Hain justu, astearterako elkarretaratzera deitu du ANCk Legebiltzarraren aurrean:
Aquest dimarts, 30 de gener, recuperem el Parlament!
— Assemblea Nacional (@assemblea) 2018(e)ko urtarrilak 26
A les 15 h, al passeig Lluís Companys, defensarem la democràcia i la República#oRepúblicaoRepúblicapic.twitter.com/v34jCzE9hb
PSOE, helburuarekin ados
PSOE bat dator Espainiako Gobernuarekin Puigdemonten hautagaitza eragozteko asmoan. Hala ere, alderdi sozialistak adierazi du gobernuaren ardura dela "zein neurri hartu, nola hartu eta noiz hartu" erabakitzea. Hala adierazi du Carmen Calvo PSOEko Berdintasun idazkariak. Calvoren esanetan, PSOEren iritziz Puigdemont ezin da aurkeztu presidente izendatua izateko hautagai gisa, "Justiziarengandik ihesi" dabilelako.
Puigdemontek sareetan erantzun du
Espainiako Gobernuak helegitea jartzeko erabakia onartu eta minutu batzuetara, Madrili zuzendutako mezu bat bota du Puigdemontek Twitter sare sozialean. Mezuarekin batera, bere hautagaitza eragotzi nahian Espainiako segurtasun indarrek mugetan hartu dituzten neurriei buruzko albisteen irudiak zabaldu ditu.
Sempre ens han acusat falsament de voler aixecar fronteres. I resulta que ho han acabat fent ells. Igual que fa 40 anys, aïllats d'Europa per terra, mar i aire. Aïllats físicament, jurídicament i democràticament. És el pànic a la voluntat popular 🗳 pic.twitter.com/X7vMABMapv
— Carles Puigdemont ðŸÂÂÂÂÂÂÂÂÂŽ— (@KRLS) 2018(e)ko urtarrilak 26
"Beti leporatu digute, gezurra esanez leporatu ere, mugak altxatu nahi izatea. Eta, azkenean, haiek altxatu dituzte. Duela 40 urte bezala, Europatik bakartuta lurretik, itsasotik eta airetik. Fisikoki, juridikoki eta demokratikoki bakartuta. Hori da herri borondatearekiko izua", adierazi du.