Luis Enrique Baraldini militar ohiaren eskuetatik igaro zirenen kontakizun lazgarriek anker fama ezarri diote Argentinako diktadura garaiko torturatzaile horri. Boliviako Poliziak larunbatean atxilotu zuen Baraldini, eta Argentinako Justiziaren esku utzi du.
1976tik 1983ra artean agintean egon zen Junta Militarraren garaian hirurehun lagun ingururen bahiketetan parte hartzea leporatzen diote, eta baita haietako hainbat eta hainbat torturatzea ere. Hain justu, Kondor Operazioko kide izan zen, hau da, ezkerreko militanteei jazartzeko Argentinako, Paraguaiko, Uruguaiko, Txileko eta Boliviako diktadurak koordinatzeko operaziokoa. 2003tik Baraldiniren bila zebilen Argentinako Justizia.
«Aspalditik genbiltzan haren bila», adierazi du Nilda Garre Argentinako Segurtasun ministroak. Estatu terrorismoaren garaian «oso ankerra» zela nabarmendu du Garrek. Tortura saioetan parte hartzen zuela azaldu du, eta saio horietan torturatu egiten zuela.
Iraganean ez ezik, orain dela gutxi ere «arriskutsua» dela agerian utzi zuen. Garrek berak kontatu duen bezala, Evo Morales Boliviako presidentea hiltzeko atentatu saio batean parte hartu baitzuen militar ohiak. Izan ere, 2009an Boliviako Poliziak Santa Cruz hirian desegin zuen taldeko kidea zen. Gobernuak presidentearen aurka atentatu bat prestatzen ari zirela jakinarazi zuen orduan.
1984an atxilotu zuten Baraldini, hogei delitu leporatuta, baina Puntu eta Amaierako Legeari eta Beharrezko Obedientziaren Legeari esker atera ahal izan zen espetxetik. Diktadurako militarrek eta Poliziak urteetan babestu dituzten bi lege horiek 2003an baliogabetu zituen Auzitegi Gorenak, eta Baraldiniren aurkako kasua berriz ireki ahal izan zuten. Ihesean kasik zortzi urte eman ondoren, orain epaitu ahal izango dute.•
Pertsonaia. Luis Enrique Baraldini
Torturatzaile ankerra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu