Emilio Perez Touriño 2005etik Galiziako Gobernuko presidente izan denak eta PSGko presidentegaiak dimisioa eman du gaur, atzoko hauteskundeetan PPk gehiengo osoa berreskuratu ondotik. "Dimisioa emateko beharra neukan. Emaitzak txarrak izan dira eta horien erantzukizuna hartu dut", esan du gaur eguerdian. Hala Galiziako PPko buru Alberto Nuñez Feijook nola Espainiako PPko buru Mariano Raxoik haren dimisioarekiko "errespetua" azaldu dute.
Parte-hartzea duela lau urte baino sei puntu altuagoa izan zen, %70,46koa, eta horrek PPri egin zion mesede beste inori baino gehiago. Alberto Nuñez Feijoo zerrendaburu zuen taldeak 39 eserleku eskuratu zituen -38 behar dira gehiengo osorako-. PSGk 24 lortu zituen eta BNGk 12. PSG egon da azken lau urteetan agintean Galiziako Xuntan, BNGrekin koalizioan. PPk aurreko legealdian 37 legebiltzarkide zituen, PSGk 25 eta BNGk 13.
Feijook eskerrak eman zien galiziarrei PPrengan agertutako konfiantzagatik. "Galiziako herriak ozen eta argi hitz egin du". Touriño izan zen Feijoo zoriontzen lehena; "espero dut datorren legealdia onuragarria izango dela Galiziarentzat, merezi duelako". BNGko buru Anxo Quintanak, berriz, galiziarren ondoan jarraituko dutela nabarmendu zuen, "une zailak" bizi dituztelako. "Ez da BNGrengatik negar egiteko garaia".
Galizia
Touriñok dimisioa eman du, Galiziako agintea galdu ondoren
PPk gehiengo osoa berreskuratu du. PSGk eta BNGk diputatu bana galdu dute aurreko hauteskundeekin alderatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu