Etiopia-Tigray gerra

TPLFk borrokan jarraituko du: «Gure arreta etsaia kanporatzean dago jarria»

Tigrayko alderdi-miliziak ez dio erabaki berarekin erantzun Etiopiako Gobernuaren aldebakarreko su-etenari. Europako Batasunak menia txalotu du, eta eskatu du berehala sartzeko indarrean.

Tigrayko gerratik Sudanera ihes egin duten zibiletako batzuk, iragan azaroan. OMAR ARAKY / EFE
ander perez zala
2021eko ekainaren 29a
17:53
Entzun

Etiopia iparraldeko Tigray eskualdeko gerra beste fase batean sartzear egon liteke. Herrialdeko gobernuak aldebakarreko su-eten bat iragarri duen arren, TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteak ez du borrokak eteteko asmorik erakutsi, eta, eskualdeko hiriburu Mekeleren kontrola berreskuratzeak eman dion bultzada baliatuta, TPLFk Etiopiako armada botatzeko asmotan jarraitzen du: «Gure arreta etsaia kanporatzean dago jarria».

Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroarentzat aste gutxirako behar zuen erasoaldiak zortzi hilabete bete ditu jada, eta milaka lagun hil eta zauritu dira, milioi bat desplazatzeaz gain; iragan astean, esaterako, Addis Abebaren armadak 64 zibil hil eta 180 zauritu zituen bonbardaketa batean.

Ez dirudi gatazka epe laburrean amaituko denik, baina TPLFk Mekele hartu izanak eta herrialdeko armadak su-eten agindua jaso izanak balantza alde batera mugi lezake. Izan ere, Tigrayko alderdi-miliziaren bozeramaile Getachew Redaren arabera, «hegoaldean eta ekialdean borrokan jarraituko dute eremuaren lauki bakoitza etsaitik libre geratzen den arte».

Hau da, TPLFk Tigray hegoaldean dagoen Amhara eskualdeko indarren aurka egingo du datozen egunetan, horiek Etiopiako armada babesten aritu baitira hilabeteotako gatazkan; gauza bera egin dute Eritreakoek, eta, beraz, Redaren hitzek agerian utzi dute «beharrezkoa balitz» alderdi-milizia prest legokeela bi herrialdeen arteko muga ere zeharkatzeko.

Etiopiako Gobernuak atzo jakinarazi zuen aldebakarreko su-eten bat iragarri duela Tigrayrako, eskualde horretako behin-behineko gobernuak hala egiteko eskatu ostean; printzipioz irailera arte iraungo du, nekazaritza sasoia amaitu arte, eta herritarren egoera hobetzea luke helburu, batez ere landa eremukoena. Sare sozialetan igotako bideoen arabera, Mekeleko herritarren pozez hartu dute TPLFk hiriaren kontrola berreskuratu izana.

Aldiz, ez dago argi Amharako armadak eta Eritreakoak menia errespetatuko ote duten, ez baitute adierazpenik egin horren inguruan; halere, TPLFren bozeramailearentzat, Addis Abebaren su-etena «irrigarria» da.

Nazioartetik, NBE Nazio Batuen Erakundeko Antonio Guterresek pozez hartu du Etiopiako Gobernuaren erabakia, eta atzo adierazi zuen menia «egiazkoa» izango denaren itxaropena duela: «Ezinbestekoa da zibilak babestea, laguntza humanitarioa iristea eta irtenbide politiko bat aurkitzea. Ez dago irtenbide militarrik». Joan den martxoan, NBEk adierazi zuen Tigrayn gertaturikoak «gerra krimentzat» jo daitezkeela.

Bide beretik jo du gaur Europako Batasunak, eta Nabila Massrali Atzerri Gaietarako bozeramaileak ohartarazi du su-etena laguntza humanitariorako sarbidea ahalbidetzearekin batera gauzatu behar dela; NBEren datuen arabera, 350.000 lagun gosetearen atarian daude.

Ekintza «oldarkor eta ilegalen» harira

Iragan azaroaren hasieran, Etiopiako armadak operazio militar bat hasi zuen TPLFren kontra. Abiyk salatu zuen eskualde horretan egiten ari ziren ekintza «oldarkor eta ilegalek arriskuan» jartzen zituztela konstituzioa eta ordena konstituzionala, baita Etiopiaren subiranotasuna mehatxatzen ere; horren harira ezarri zuten larrialdi egoera, eta operazioa abiatu. Parlamentuak Tigrayko Gobernua desegiteko erabakia ere hartu zuen, eta hango legealdia «legez kanpokotzat» jo; horren ordez, behin-behineko agintari talde bat jarri zuen boterean.

Harrezkero, Addis Abebaren aginduz, Etiopia iparraldeko eskualdea erabat bakartuta dago, eta NBEk ezin izan du laguntzarik eraman, gobernuak sarbidea debekatu baitio. Iragan martxoan, onartu egin zuen hango herritarrei laguntza humanitarioa helaraztea, baina oraindik ez da halakorik gertatu.

Talde etniko nagusiak tentsio handiko botere lehian bizi dira Etiopian. 1991tik TPLF gobernu nazionalean egon zen, harik eta 2018an EPRDDF Etiopiako Herriaren Fronte Iraultzaile Demokratikoa koalizio gobernuak agintari berria izendatu zuen arte: Abiy.

Izan ere, lehen ministroak Oparotasunaren Alderdia sortu zuen, eta EPRDDF frontea amaitutzat jo. Koalizioa osatzen zuten alderdi etniko guztiak batu ziren erakunde berri horretara, TPLF izan ezik. Haustura horretaz geroztik, Tigrayren eta gobernu nazionalaren arteko tentsioa nabarmena izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.