Minutu batez Japonia isilik geratu zen atzo, 14:46an, iragan astean ordu berean herrialdea astindu zuen Ritcher eskalan bederatzi graduko indarra zuen lurrikara gogora ekartzeko. 17.000 hildako eta desagertuak omentzeko etenune bat izan zen, salbatzeko eta berreraikitzeko lanei berriz ekin aurretik. Izan ere, dolurako astirik ere ez dute kasik; berriz ere hutsetik hastea tokatu baitzaie japoniarrei.
Astebete igaro da lurrikarak eta ondorengo tsunamiak ipar-ekialdeko kostaldea erabat suntsitu zuenetik. Herri osoak irentsi zituzten dardararen ostean heldu ziren hamar metrotik gorako olatuek. Aurrean harrapatu zuten guztia eraman zuten. Atzean, etsipena baizik ez dute utzi. Azken datu ofizialen arabera, kasik 7.000 dira hildakoak. Desagertuak, berriz, 10.000tik gora zenbatu dituzte.
Bizirik ateratzea lortu duten herritarrak, berriz, egoera tamalgarrian daude. Horietako askok guztia galdu dute hondamendian: etxea, familia, ondasunak, baita herria ere. Behin-behineko kanpalekuetan pilatuta daude 370.000 herritar, bizi-baldintza eskasetan. Janari gutxi dute, eta argindarrik gabe daude herri askotan. Jasan duten zigorra gutxi balitz, denborale gogorra jasaten ari dira. Tenperatura zeropetik dago, eta elurra egiten ari da lurrikarak gogorren astindutako inguruetan.
Erregai urritasunak are gehiago zailtzen du bizirik atera direnak kanpalekuetara eramatea, eta askok ez dute lo egiteko babeslekurik. Giza laguntza ere tantaka ailegatzen da, errepide eta aireportuak itxita egon baitira lurrikaraz geroztik.
Hotzaren eraginez, inor bizirik aurkitzeko esperantzak ezerezean geratu dira, gainera. 90.000 militarrek eta milaka boluntariok ingurua pausoz pauso miatzen jarraitzen dute, dena den. Poliziaren arabera, gorpu asko itsasoak irentsi ditu, eta ziurrenera ezingo dituzte inoiz aurkitu. 26.000 lagun erreskatatu dituzte iragan astetik, baina gehienak lehen egunetan aurkitu zituzten. Etsita badaude ere, oraingoz, salbatzeko lanei eustea erabaki dute.
Tokio ilunpetan
Normalean zaratatsua, kaotikoa eta argitsua den hiriak ezohiko paisaia marraztu du egunotan. Neoizko koloreetako argiak itzali dituzte, kaleak erdi hutsak daude eta ez dago auto pilaketarik.
Herritarrak etxean babestu dira gordekinekin. Lanera joan behar ez dutenak ez dira kalera ateratzen, eta gainontzekoak ere ahal bezain laster etxera itzultzen saiatzen dira. Ez da erraza, autobus eta metro zerbitzuak gutxitu baititu gobernuak energia aurreztu behar dutelako.
Urte guztian turistaz josita egoten den hirian ere apenas ikus daitekeen atzerritarrik. Gehienek herrialdetik alde egin dute, edo hegoaldera joan dira.
Tragediaren osteko tragedia
Astebete igaro da Japonian bederatzi graduko lurrikara jasan zutenetik; ezbeharretik onik atera diren herritar asko egoera tamalgarrian bizi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu