Krisialdi ekonomikotik eratorritako krisialdi politikoa bideratu ezinik dabiltza Grezian. Georgios Papandreu lehen ministroak dimisioa eman ondoren, batasun nazionaleko gobernua eratzeko akordioa egin zuten herenegun Pasok alderdi sozialistak eta ND Demokrazia Berria kontserbadoreak eta oposizioko indar nagusiak. Hurrengo hauteskundeetarako data ere hitzartutzat eman zuen gobernuak —otsailaren 19a—. Akordioa ixteko bilera atzo zuten bi alderdiek. Papandreuren ondorengoa hautatu, eta bozetarako data berresteko. Negoziazioak «hurbilketa positiboak» izan dituela adierazi du Ilias Mosialos bozeramaileak, baina, hala ere, ados jarri ez eta gaur jarraituko dute, Greziako tragediari bertze atal bat gehituz.
Lehen ministro kargurako hautagai nagusia Lucas Papademos Greziako Bankuko presidente ohia eta Europako Banku Zentraleko presidenteorde ohia da. Ta Nea egunkariaren arabera, baina, Papademosek baldintza bat paratu du kargua onartzeko: haren agintaldia otsailaren 19ra arte baino luzeagoa izatea. Gobernu horren helburu nagusia izanen da iragan urriaren 27an EB Europako Batasunak onartutako erreskate plana kudeatzea, baina hori egiteko behar adina denbora ez duela izanen erran du Papademosek, Ta Nea-ren arabera. Ministerioen banaketa eta ND alderdiak gobernuan izan beharreko presentzia dira bertze eztabaidagai nagusiak.
Euroguneko herrialdeek atzo berretsi zuten batasun nazionaleko gobernua eratu arte ez dutela hitzartutako dirua Greziara bideratuko. EBrekin eta NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin urrian hitzartutako konpromisoak idatziz berresteko exijitu diote Greziari.
Bi urteko gurutze bidea
Papandreuren dimisioak amaiera eman dio gurutze bide bilakatu den Pasoken bi urteko agintaldiari. Iragan asteburuan konfiantza mozioa gainditzea lortu zuen Papandreuk, Pasokeko 153 diputatuen botoari esker (kontrako 145 bozka jaso zituen, eta bi abstentzio), baina etorkizunik gabeko garaipena izan zen, Pasokekin ezein akordio lortzeko, Papandreuk alde egitea ezinbertzeko baldintzatzat paratu baitzuen NDk —baita batasun nazionaleko gobernuan sartzeari uko egin dioten alderdiek ere—.
2007tik Greziako ekonomia jasaten ari zen hondatzea zela eta, kontserbadoreek gizartean zuten sostengua galdu, eta 2009ko urrian Pasokek gehiengo osoz irabazi zituen bozak. Dirua badago izan zen Papandreuren alderdiak kanpaina hartan erabilitako leloa. Herrialdearen norabidea aldatuko zuela zin egin zuen lehen ministro hautatu berriak, «legearen, justiziaren, elkartasunaren eta garapen ekologikoaren bidera» eramateko. Aberastasunaren banaketa bidezkoagoa gobernu berriaren lehentasuna izanen zela suposatu zuten Pasoken alde bozkatu zuten gehienek, baina orduz geroztik egoerak okerrera baino ez du egin.
Zor publikoari aurre egin ezinda, mozketa neurri gogorrak hartu zituen boterera ailegatu eta hilabete batzuetara, Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta NDFk hala exijituta, lehenbiziko erreskatea eskuratu ahal izateko. Gobernuak sustatutako erreforma saiakerek porrot egin dute, nazioarteko erakundeen konfiantza galaraziz. Oposizioarekin akordioak lortzeko ezintasunak ere ernegatu ditu EB, NDF eta nazioarteko eragile ekonomiko nagusiak. Grezian bertan, berriz, krisiak gogorren zigortutako herritarren sektoreak kanpainako promesei muzin egin, eta herrialdea nazioarteko erakundeei eta merkatuei saltzea egotzi diote Papandreuri, eta mozketekin jendearen bizi-maila jaistearen erantzule bihurtu dute.
Beraz, atzeko atetik aterata amaitu du Papandreuk 2004an boterea eskuratzeko hasi zuen lasterketa. Pasokeko buru izendatu zuten urte horretan, eta 2007an bozak galdu zituen Kostas Karamanlis NDko hautagaiaren kontra. Urte bereko azaroan alderdi barreneko hauteskundeak irabazi zituen. Bere arerio nagusia Evangelos Venizelos egungo Finantza ministroa izan zen, alderdi barrenean izan duen ahots kritiko nabarmenena. 2009an, Karamanlisek bozak aitzinatu zituen haren gobernua sostengurik gabe gelditu zenean, eta Papandreuk bi urte lehenago galdutako aukera baliatu zuen.
Bere familiako hirugarren lehen ministroa izan zen, Georgios aitatxiren eta Andreas aitaren ondoren. Georgios Papandreu aitatxia hiru agintalditan izan zen lehen ministro (1944-1945, 1963, eta 1964-1965). Jada 1920. hamarkadatik hainbat ministerioren buru izan zen. Mugimendu venizelistaren kide zen. Eleftherios Venizelosen jarraitzaileak ziren, eta lau oinarri ideologiko defendatzen zituzten: errepublikanismoa, protekzionismo ekonomikoa, greziar jatorriko biztanleak zituzten lurraldeak Greziari batzea, eta Mendebaldeko herrialdeekin lerratzea. 1968an hil zen Papandreu aitatxia.
Pasoken sortzaileak
Haren semea Andreasek sozialdemokraziarako pausoa eman zuen, eta 1974an sortu zuen Pasok alderdia. 1981ean bozak irabazi, eta lehen ministro bilakatu zen. Zortzi urte egin zituen boterean, eta 1993an ere berriz irabazi zituen bozak. 1996ko urtarrilean, baina, osasun egoera txarraren ondorioz kargua utzi zuen, eta sei hilabete geroago hil zen. Junta Militarraren diktaduraren ondoren (1967-1974) Grezian demokrazia egonkortzeko prozesuan berebiziko garrantzia izan zuen pertsonaia da Pasoken aldekoentzat eta kontserbadore anitzentzat. Ezkerreko alderdientzat, baina, KKE komunistarentzat bereziki, AEBen eta NATOren alde lerratu zen Andreas Papandreu, iraganean haiekin kritiko izan zen arren.
Andreas Papandreuk 1939an erbestera jo zuen, eta horren ondorioz Georgios semea AEBetan jaio zen 1952an. Han, Suedian, Kanadan, eta Ingalaterran eman zuen gaztaroa, eta 1974an Greziara itzuli zen militarren diktadura amaitzean. Aitak sortutako alderdian lanean hasi zen, eta haren bi agintaldietan karguak izan zituen gobernuan. Papandreutarren dinastian, baina, karisma eskaseneko buruzagia izan da.
Georgios Papandreu aitatxiren ibilbide politikoa monarkiaren aldekoekin edukitako borrokak markatu zuen, eta Andreasena, berriz, Junta Militarraren diktadurak. Dinastiaren azken ordezkariak, berriz, herrialdea matxinada egoeratik hurbil duela utziko du agintea. Erreskatearen inguruko herri galdeketa egiteko asmoak ere ez du haren irudia garbituko, eta ondoren aukera hori ezeztatzeko erabakiak anekdota hutsean utziko du.
Tragediari atalak gehitzen
Papandreu lehen ministroak dimisioa eman ondoren, gobernua eratzeko negoziazioetan trabatuta gelditu dira Pasok eta oposizioaAtzeko atetik aterata amaitu du Papandreuk 2004an boterea eskuratzeko hasitako bidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu