MUNDUA

Trantsizio gobernuak kargua hartu du Egipton

Hogeita hamar ministerio ditu Egiptoko gobernu berriak, armadak estatu kolpea eman eta ia bi astera.

2013ko uztailaren 17a
16:57
Entzun

Uztailaren 3an armadak estatu kolpea eman eta Mohamed Mursi presidentea kargutik kendu ostean, Egiptok badu trantsiziorako gobernua. Hautaketa prozesua amaituta, atzo egin zuten karguaren zina ministro berriek Adli Mansur behin-behineko presidentearen aurrean: 30 dira guztira.

Abdel Fattah al-Sissik hainbat kargu ditu bere gain: armadaren buru izateaz gain, Defentsa Ministerioaren gidari eta lehen ministrorde izendatu baitu Hazem al-Beblaui lehen ministroak. Al-Sissiz gain, beste bi ministrorde ere baditu Egiptoko trantsiziorako gobernu berriak: Ziad Bahedin Nazioarteko Kooperaziorako ministroa eta zuzenbidean katedradun Hosam Isa, Goi Ikasketen ministro ere badena.

Hamar ministrotatik bat da emakumea: hiru baino ez daude trantsiziorako gobernuan. Osasun, Ingurumen eta Informazio ministerioak geratu dira emakumeen esku. Azken horren burua Doria Xaraf el-Din kazetaria da.

Presidentetzak ziurtatu zuen ez dutela inor albo batera utzi gobernua osatzeko orduan, Askatasuna eta Justizia alderdi islamistari eta Al Nur alderdi salafistari ere hainbat ministerio gidatzeko eskaintza egin dietela argudiatuta. Al Nurrek, baina, horren kontra egin du, gobernu berriko kideak "korronte bakarraren parte" direla argudiatuta. Askatasuna eta Justizia alderdiko presidenteorde Esam al-Arianek gogor kritikatu du gobernu berria: "Herrian oinarririk ez duen gobernua, legebiltzarrerako hauteskundeetatik ateratzen ez dena, negozioak kudeatzeko gobernua da".

Astelehenean, zazpi pertsona hil eta 261 zauritu ziren Mursiren aldekoen eta armadaren arteko liskarretan, eta iragan astelehenean, beste 51 hildako izan ziren.

Euren aldetik, Anaia Musulmanen jarraitzaileek protestan jarraitzen dute. Eguerdian, adibidez, lehen ministroaren egoitzaren aurrean manifestazioa egin dute, atzo osatutako trantsiziorako gobernuaren aurka protesta egiteko. Horrez gain, AEBen enbaxadara martxa egingo dute Mursiren zaletuek, herrialde horrek estatu kolpearen aurrean izan duen jarrera salatzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.