Auzitegi Goreneko presidentearen aurrean bake hitzarmena errespetatuko dutela zin egin zuten lau presidenteordeek Herriaren Jauregian eginiko ekitaldian. Halaber, trantsizioko Konstituzioari eta lurraldetasunaren batasun printzipioari men egingo dietela agindu zuten laurek. Ekitaldia jai giroan igaro zuten hiriburuan, eta dantza eta musika artean jaso zituzten agintari berriak. 1998. urtean piztu zen gerra zibilaren amaiera gisa ikusi zuten herritar askok trantsizioko gobernuaren eraketa.
«Aurretik iragarria genuen gerraren bukaera, baina orain errealitatea da», esan zuen Kongoko Demokraziarako Batasuneko presidente Azarias Ruberwak.
Nazio Batuen Erakundeko ordezkari William Swing ere itxaropentsu agertu zen ekitaldiaren amaieran. Ildo horretan, trantsizioko gobernuak nazioarteko komunitatearen babesa izango duela aurreratu zuen.
Astelehenean zen osatzekoa Gobernua
Kongoko Errepublika Demokratikoko behin-behineko gobernua astelehenean zen eratzekoa, baina ekitaldia bertan behera gelditu zen, Kongoko Demokraziarako Batasunak ordezkaririk ez zuela bidaliko iragarri ostean. Azarias Ruberwa ordezkariaren presentzia zalantzan egon da, beraz, azken memento arte. Kongoko Askatasunerako Mugimenduko kide Jean Pierre Bemba astearen hasieran heldu zen Kinshasara. 1997. urtean Mobutu Sese Sekoren erregimena indarrean sartu zenean alde egin zuen handik, eta geroztik ez zen hiriburuan egon.
Gobernuan zazpina ordezkari izango dituzte lau aldeek: Gobernuak, oposizioak eta bi talde gerrillariek, alegia. Halaber, 36 ministerioz osatuko da gobernua, eta gizarte zibileko hainbat ordezkari izango dira; zortzi ordezkari, hain zuzen ere.
Berez, joan den abenduan Pretorian (Hegoafrika) sinatutako bakerako akordioaren ondotik sortu behar zen gobernua;apirilean hitzarmena si-natzeko ahaleginak egin baziren ere, azkenean atzeratu egin da gobernuaren osaketa. Joan den ekainaren 30ean sinatu zuten gobernua osatzeko hitzarmena.
Trantsizioko gobernu berriaren zeregin nagusia hauteskunde demokratikoak egin ahal izateko oinarriak finkatzea izango da. Ildo horretan, bozak hemendik bi urtera egiteko asmoa erakutsi dute agintariek. Hala ere, oraindik erabat amaitu ez den gerrari bukaera ematea izango da gobernu sortu berriaren lehentasuna.
NBEren presentzia areagotzea eskatu du EBk
Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi komisario Javier Solanak Bunia hirian herrialdeko ipar-ekialdean nazioarteko indar militarren presentzia areagotzeko eskatu zion herenegun Nazio Batuen Erakundeari. Solana herrialdea bisitatzen ari da egunotan, Artemisa Operazioaren berri zuzenak jasotzeko.
Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak 1484 ebazpena onartu zuen joan den maiatzaren 30ean, herrialdeko bi leinu nagusien arteko borrokak hema eta lendu amaitzeko asmoarekin. Operazio horri Artemisa izena jarri diote. Europako Batasunak zuzentzen du alderdi politikoa, eta Frantziako tropen esku dago. Egun Frantziako 1.500 soldadu daude Bunian.
Hema leinuko milizioanoek Ruandaren babesa dute maiatzaren 12an hartu zuten Bunia, Ugandak han zituen azken soldaduak hiritik atera ondoren lendu leinukoek Ugandaren babesa dute. Geroztik, 500 pertsona baino gehiago hil dira bi leinuen arteko liskarretan.
BORROKAK
Dozenaka lagun hil dira Ituriko erasoetan
Kongoko Errepublika Demokratikoko hiriburu Kinshasan gobernu berria izendatzen ari zirelarik, gutxienez 47 pertsona hil zituzten ipar-mendebaldeko Ituri eskualdean erietxe baten kontra azken egunetan eginiko erasoan. Kongoko Demokraziaren Aldeko Batasunari eta lendu etniako miliziei biak ere Gobernuaren sostengua dute leporatu zien atzo Tchomia herriko ospitalean eginiko erasoa Kongoko Abertzaleen Batasuna gerrillari taldeko eledun batek. Hema etniako ordezkariak esan zuenez, 250 bat gizoneko talde batek eraso zion erietxeari, berriz mendira jo aurretik. Hildakoen artean lau zibil daude, antza. NBEk baieztatu zuen borroka gogorrak izan zirela, baina ez zuen baieztatu zenbat hil ziren.