Trantsiziorako akordioa ez betetzea egotzi dio Errusiak Ukrainako oposizioari
Ostiralean Janukovitxekin sinatutako akordioaren «puntu bakar bat bera ere» ez betetzea egotzi dio Errusiako Atzerri Ministerioak Ukrainako oposizioari. Moskuk bitartekari lanak egin zituen itun hura sina zezaten, eta Alemaniako, Frantziako eta Poloniako Atzerri ministroak aritu ziren behatzaile lanetan. Orain, Janukovitx kargutik kenduta eta haren alderdia de facto parlamentutik at utzita, hitza haustea egotzi die Sergei Lavrovek zuzentzen duen bulegoak. Beste hirurei ere dei egin die, oposizioan duten eragina balia dezaten. Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak indarkeria gelditzeko eskatu die gatazkako aldeei; Radoslaw Sikorski Poloniakoaren arabera, Ukrainakoa ez da estatu kolpe bat. AEBetako Gobernuak txalotu egin du Janukovitx kargutik kentzea, eta gobernu berria albait arinen osatzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu