Protestak herrialde arabiarretan

Trantsiziorako urratsak

Konstituzioa hamar egunen buruan prest egongo dela hitz eman du armadak; Legebiltzarra ere desegin duteTahrir plazatik alde egin du oposizioak; poliziak ari dira orain protestak egiten

Kristina Berasain Tristan.
Kairo
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Egipton demokrazia ezartzeko dena egiteko baldin badago ere, trantsizioaren bidean urratsak egiten ari dira egunetik egunera.Hosni Mubaraken ondare politikoak ezabatzeari ekin dio armadak, eta, trantsizioko gobernua desegin ez badu ere, egiteko sinbolikoa baino ez da betetzen ari azken orduetan. Mohamed Tantaui jeneralak bi pauso irmo eman ditu oraindik erabat ziurgabea den bide horretan. Faraoiak bezala betiko agintean egon ahal izateko diktadoreak aldatutako ituna bertan behera utzi dute militarrek. Konstituzioa erreformatzea da orain erronka, eta hamar egunetan egingo dutela hitz eman dute argitara emandako bosgarren komunikatuan. Erreferendum bidez babestu beharrekoa izango da, eta ondoren ezarriko da hauteskunde orokorretarako eguna, betiere, sei hilabeteko epean. Orduan erakunde zibilen eskuetan utziko du agintea Armadaren Kontseilu Gorenak.

Parlamentuko bi ganberak ere desegin ditu Tantauik. Diktadoreak agintea hartu eta urte berean ezarritako salbuespen egoerak, baina, indarrean segitzen du «segurtasuna bermatzeko egoera ezarri artean».

Herritarrek eta oposizioak begi onez ikusi dituzte hartutako neurriak. Neurri batean paradoxikoa da aintzat hartuta koronela erregimenaren gizona dela, baina orain arte emandako hitza betetzen ari dela ohartuta, konfiantza agertu diote; Anaia Musulmanek barne.

Lanera itzultzeko deia

Tahrir plaza, bien bitartean, itxuraz aldatzen ari da, eta lasaiago dagoen arren herritarrei lanera itzultzeko eskatu die armadak iraultzak utzitako kalte ekonomikoak gehiagora joan ez daitezen. Kanpalekua ere deseginda dago. Igande eguerdian altxatu zuten azken denda, erresistentziaren azken gotorlekua amaituta. Atzogoizean lagun batzuk baino ez ziren gelditzen plazan, ezen armadak alde egin ezean atxilotu egingo zituela ohartarazi zien. Saadaui Mosek (30) protestari eutsi nahi zion: «Gure indarraren dimentsioa deskubritu dugu, eta orain ez gara etxera joango, plaza hau gurea da, eta hemen jarraituko dugu».

Erresistentziaren arrastoak pixkanaka ezabatzen ari dira. Emakumeak erratzekinaritu dira zikinkeria jasotzen, eta gizonezkoak, berriz, dena margotzeari ekin diote, plaza inoiz egon ez den baino txukunago uzteko. Errepideko marrak zuriz margotu dituzte, kale kantoien ertzak zuriz eta beltzez, eta hesiak berdez. Pintura potoak nondik atera dituzten galdetuta, denek erantzun bera dute: «Eman egin dituzte». Boluntarioak ehunka dira, eta, nolabait antolatze aldera, zerrenda bat osatzen aritu daBaker Garieb (22). «Egipto osoa garbituko dugu orain artean izena eman duten lagunen kopurua ikusita». Ekintza metaforiko eta utopikoa da, boterea une honetan herriaren eskuetan dagoela agerian uzten duena.

Denak, Mubaraken kontra

Iraultza burututa, baina, fenomeno bitxi bat ari da pizten orain; denak hasi dira aldarrikapenak egin eta erregimena salatzen, baita harekin harreman estua zutenak ere, tartean telebista eta egunkari publikoetako kazetariak, erregimenaz eta iraultzaz hitz egiteari ekin baitiote bat-batean.

Poliziak ere batu dira protestara. Tahrir plazara gerturatu dira bi egunez jarraian, baina herritarrek ez diete harrera onik egin. Film honetako gaiztoak direla salatzen dute, argudiatuta zibilekin aurrez aurre borrokatu badira nagusien aginduetara zeudelako izan dela. Herriaren babesa bereganatzeko eurek ere lan baldintza kaskarrak dituztela salatu dute; hilean mila libera —ehun euro— jasotzen dituztela. Izenik ez dute eman nahi, orain haiek direlako errepresalien beldur. Beste paradoxa bat. Protestetan, 35 polizia hil zirela jakinarazi zuten atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.