Josep Lluis Traperok bi ordu baino gehiagoz deklaratu du gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, bertze sedizio delitu bat egotzita. Katalunian iazko urriaren 1ean egin zuten independentziarako erreferenduma eragozteko neurririk ez hartu izana leporatzen dio Pedro Rubira fiskalak.
Iazko urriaren 6an eta 16an ere deklaratu zuen Lamelaren aitzinean, orduan ere sedizioa egotzita. Irailaren 20an eta 21ean Kataluniako Ekonomia Departamentuaren aitzinean izan ziren protesta jendetsuen harira deklaratu zuen. Orduan, Lamelak kautelazko neurriak ezarri zizkion: hamabortz egunean behin epailearen aitzinera agertzea, pasaportea kentzea, Espainiako Erresumatik ateratzeko debekua, eta etxebizitzaren helbidea jakinaraztea. Neurri horiexek berretsi dizkio gaur epaileak.
Mossoen egungo buruak ere, Ferran Lopezek, Lamelaren aitzinean deklaratu du gaur, baina lekuko moduan.