Gehiegitan iraingarria suertatzen da zenbait agintariren hitzak entzutea. Demokrazia eta bakearen izenean gerra bat hasten dutenean edo diktaduraren aurkari sutsu gisa agertu eta atzetik diktadore horiekin beraiekin negozioak egiten dituztenean, esaterako. Antzeko zerbait gertatzen da tortura eta tratu txarrak mahai gainean agertzen direnean ere. Denek ukatzen dute horien berri izan dutela, baita horiek baimentzen dituzten dokumentuetan haien sinadura agertzen denean ere. Gehienez ere, tortura horiek egin dituztenen gertukoei agintzen diete ikerketak zabaltzeko; azterketa horiek, ordea, ezkutuan eta ateak itxirik egiten dira, eta emaitzak ez dira inoiz argitara ateratzen, denborarekin, jendeak gertatutakoa ahazten duten arte. Herritarrak eta gobernuz kanpoko erakundeak kasuren batekin tematzen direnean, berriz, beti dago behe mailako soldaduren bat sinbolikoki zigortzeko aukera, benetako erantzuleek lo lasai egin dezaten.
Horixe bera gertatu da aste honetan Erresuma Batuan. Duela bi aste WikiLeaks webguneak Estatu Batuetako armadak Iraken egindako krimenen berri eman zuen, eta orain Londresko gobernuaren txanda izan da. Erantzuna ondo ikasia dute, ordea, agintari britainiarrek, izan ere, urte asko dira trapu zikinak armairuan gordetzen hasi zirela. Preso irakiar bati jasanarazitako mehatxu eta tratu txarren irudiak jasotzen dituzten The Guardian egunkariak plazaratutako bideoei halaxe erantzun die Defentsa Ministerioak: «Ez dago nahiko frogarik inor akusatzeko». Eta haren borondate onaren seinale, ikerketa bat agindu dio armadari -galdeketetan torturak nola erabili zehazten duen liburuxka soldaduen artean banatzen duen horri berari-, gertatutakoa «argitu» dezan. Haren iritziz, «denbora galtzea» litzatekeelako ikerketaren berri ematea, britainiarrek torturatutako 200 irakiar ingururen abokatuek eskatu bezala.
Irakeko gerra amaitutzat eman ostean, hasi da gizartea benetan gertatutakoaren inguruko egiazko informazioa jasotzen; beste gatazka batzuek, ordea, bizi-bizirik diraute, Afganistan edo Kurdistanen, kasu. Horietan ere badira torturak eta ezkutuko espetxeak, baina haiei buruzko egiek armairu barruan jarraitzen dute, eta jarraituko dute, baldin eta inork haien inguruko benetako interesik agertzen duen artean. Ez da, baina, Europatik atera beharrik halakoen berri izateko. Herenegun Nazio Batuen Erakundearen giza eskubideen batzordearen aurrean agertu ziren AEBak, eta, nola ez, torturen auzia ere atera zuten plazara. Harrigarriena, baina, haiei azalpenak eskatu zizkietenen izenak entzutea da. Izan ere, Washington gogorren kritikatu zutenetakoak izan ziren Errusia eta Espainia.
Trapu zikin gehiegi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu