07:42an (06:42 Euskal Herrian) jazo zen eztandak bitan puskatu zuen treneko bigarren bagoia, hantxe bertan zeuden bidaiariak bete-betean harrapatuta. Nikolai Patrushev, FSB Segurtasun Zerbitzu Federaleko buruzagiak zenbait ordu geroago emandako datuen arabera, atentatuan parte hartu zutenak hiru emakume eta gizonezko bat ziren. Lekuko batzuek emandako argibideen arabera, bi ustezko ekintzailek trenetik salto eginda ihes egitea saiatu zuten, beste biek, ordea, euren jantzien pean ezkutatuta zeuzkaten lehergai kargak zartarazi zituzten. Poliziaren ustetan, eztanda egin zuten lehergailuek 6 eta 10 kilo TNTko potentzia zeukaten.Bagoi baten barruan gertatzeagatik, zartatzeak ondorio ikaragarriak eragin zituen, bertan zeuden bidaiarien gorpuak xinxifrikatuta eta burdinak zein gainontzeko ekaiak puskatuta eta makurtuta. Larrialdi Egoeretako ministerioaren Stravopol eskualdeko arduradun Galina Fedodovak zehaztu zuenez, leherketan bertan 31 bidaiari hil ziren eta beste 9, aldiz, ospitaleetarat eraman eta gero. Zauritutako 160 lagunetatik ehundik gora erietxeetarat eraman behar izan zituzten, eta hauetatik 16, gutxienez, oso larri zeuden. Atzo arratsalde amaieran ezagutzerat emandako balantze hau behin-behinekoa zen eta oso litekeena da larriagoa bihurtzea.
Maskhadovek ukatu egin du
Atentatua gertatzetik denbora gutxira, Vladimir Putin Errusiako presidenteakhauxe adierazi zuen: «Atentatu terrorista hau Errusiaren egoera dantzan jartzeko saio bat da, igandeko hauteskundeen atarian». Haatik, Kremlineko buruak gaineratu zuenez, «terroristek ez dituzte euren helburuak lortuko».
Segurtasun zerbitzuetako buruzagiekin egindako bileratik irtetean aditzerat emandako hitzetan, Putinek nabarmendu zuen atzoko atentatuaren atzean «nazioarteko terrorismoaren itzala» dagoela. «Nazioarteko terrorismoa etsai anker, koldareta arriskutsu bat da eta hainbat herrialderi desafio egiten diolarik, Errusiarentzako mehatxu bat da», gaineratu zuen. Boris Grizlov Barne ministroak, aldiz, independentista txetxeniarrei zehatz-mehatz leporatu zien atentatuaren erantzukizuna. «Basapiztien antzekoak diren terrorista txetxeniarrak zokoratuta daude gaur egun eta euren babesle eta diruz laguntzen dietenei erakusterat eman nahi diete zerbait indar daukatela» azaldu zuen Putinen aldeko Edinaia Rossia (Errusia Berria) alderdiko hautetsien buru Grizlovek.Alabaina, Aslan Maskhadov Txetxeniako presidente independentistaren mezua zabaltzen duen Kavkaz.org Internet guneak ukatu zuen inguruko gerrilla izatea Jessentukiko atentatuaren egilea. «Zibilen eta militarren artean diferentziarik egiten ez duten indar errusiarren metodoak ez ditugu erabiltzen geuk», iritzi zion Kavkaz. org-en zabaldutako oharrak.
-
Azkenaldian izandako erasoak
2003-07-05 : Moskutik hurbil, rock jaialdi batean, 2 emakumek euren burua zartaraztean, 16 lagun hil ziren eta 40 zauritu.
2003-07-17 : Dagestango Polizia etxe baten aurka bonba auto bat lehertzean, 4 lagun hil ziren eta beste hogei bat zauritu.
2003-08-01 : Alaniako Mozdok hiriko ospitale militar baten aurka kamioi-bonba batek zart egitearen ondorioz, 50 lagun hil ziren, gehienak soldadu errusiarrak zirela.
2003-09-03: Errusia hegoaldean, tren bat igarotzean, bi bonbak zart egitean, bost lagunek bizia galdu zuten.2003-09-15: Inguxetiako Magas hirian Errusiako FSB zerbitzu sekretuen egoitza aurrean bonba-auto batek eztanda egitean, lau lagun hil eta dozenaka kolpatu ziren.2003-11-05: Bashkiria errepublikako Ufa hirian bonba-auto batek zart egitean, bi lagun hil ziren eta hiru zauritu.
2003-11-14 : Etxe batean jarri zituzten lehergailuek eztanda egitean, lau polizia hil ziren Inguxetiako errepublikan.