Astebete ez, nahikoa izan da egun bat PPk Madrilgo atentatu ostean diseinaturiko gezurraz ohartu, ipuineko erregea biluzik ikusi eta Moncloan gobernu aldaketa ekarriko duten bozak lortzeko. Datua, hasteko, ona da: egun bat nahikoa izan da iritzi mediatikoari aurre egiteko.
Gehiengo absoluturik gabe, panorama, begiratu batera, arrunt interesgarria da. Espainia Katalunia handi bat bihurtzeko aukera, tentagarria da oso. Ezker Batuak, baina batez ere Esquerra Republicanak dute giltza. Halako kontrapisu bat larrosa gehiegi eskubira ez dadin. Bere aldeko guztiekin, erran nahi baita arazo nazionalei eta sozialei zabalduago egotera behartuko lukeen sozialismo teknokrata bat izango dela Madrilen. Eta dagoeneko, garbi ikusten den arazoekin: Ibarretxe planaz dituen aurreiritziak argigarriak dira oso, eta espainiar soldaduak etxera itzularazi eta Espainia Azoreetako itunetik ateratzea, ikusteko dago nola egingo den. Enpresen logika eta bankaren presioa tartean direlarik, hauteskundeetako poseak ez baitira nahiko. Ez da hainbeste urte pasa Gonzalezek NATOrekin egin zuena ahazteko.Aukera ona, beraz, antza, urteetako jarrera aldatu eta ezkerreko diskurtsoak lantzeko, baita gobernu kanpotik ere. Zuzendu dezadan, batez ere gobernu kanpotik. Zalutasuna beharko da, iritzien ekarpena, jarrera ausartak eta hizkera berriak. Euskal Herria ere, ez da dinamika horretatik kanpo geratuko. Gaiak, ez dira falta. Eta esperantzari leiho bat zabaltzearren: ETArekin bildu eta herriko plazan sutan erre ostean atzo Carod-Rovirari eman zaion konfiantza, ikaragarria izan da. Katalunian, elkarrizketaren aldeko jarrera saritu da. Eta Kataluniako eskema errepikatzera, ederra litzateke ikurra. Elkarrizketa, su-etena... Honaino teoria. Baino nago, eta nahiago nuke oker banengo, ikusitakoak ikusita, bestelako egunerokotasun bat datorkigula. Hemen ez dago 82ko ilusiorik. Aste honetan ikusi dugu, politikoak ez dira euren lana ondo betetzeko gauza izan, ez dira jende-aldren buruzagi legez agertu, ez dira guk, berotuta, tabernako elkarrizketa batean esan dezakegunaz harago joateko gai izan. Eta horrek, zer pentsatu ematen du.Biharra, gaur da. Aznarren txilindro hautsiaren gainean jauzika direnen aldetik gobernu berriari helduko zaizkion Irakeko inbasioaren kontrako eskaerek emango digute ideia bat jakiteko zertan diren sozialisten asmoak.Espero ez genuena gertatu da. Hildakoz betetako trenek eman diote aukera Rodriguez Zapaterori. Esan eta gero konturatzen zara. Ikaragarria da.
IRITZIA. ESPAINIAKO GORTEETARAKO HAUTESKUNDEAK
Tren luze eta bustiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu