katalunia independentziarako bidean

Trenak lehen oztopoa jo du

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du Kataluniako Parlamentuaren haustura adierazpena, eta 21 ordezkariri jakinaraziko die agindua bete ezean zigortu egingo dituela.

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea eta Mariano Rajoy presidentea, atzo egin zuten ezohiko ministro kontseiluan. EFE
Adrian Garcia.
2015eko azaroaren 12a
10:52
Entzun

Kataluniako Parlamentuaren borondatearen eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren debekuaren trenek norabideari eutsi diote, eta, espero moduan, saihetsezina zen talka gertatu da. Parlamentuak haustura adierazpena egin eta hiru egunera, Auzitegi Konstituzionalak aho batez tramiterako onartu du Espainiako Gobernuak jarritako helegitea, eta automatikoki behin-behinean bertan behera geratu da neurria. Kataluniako Parlamentuak gehiengo osoz erabaki duenez zilegitasunik ez onartzea Auzitegi Konstituzionalari, pauso bat harago joan da oraingoan debekuaren makineria: auzitegiak berak Kataluniako 21 ordezkariri jakinaraziko die kargugabetu eta desobedientzia delituagatik epaituko dituela adierazpen independentista betetzen saiatzen badira. Tartean Artur Mas Kataluniako jarduneko presidenteari eta Carme Forcadell legebiltzarreko presidenteari. «Demokrazia akabatu nahi dute, baina ez diet utziko», adierazi du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak.

Edonola ere, Kataluniako Gobernuak bide orriari eutsiko dio. Neus Munte bozeramaileak esan duenez, Generalitateak «zorrotz beteko du Kataluniako parlamentu subiranoak» agindutakoa. Madrili leporatu dio auzitegiak erabiltzea «Kataluniako askatasun nahiei mozal bat jartzeko».

Kataluniako ordezkariek zigorrei aurre egin beharko diete independentzia prozesuan sakontzen badute. Eztabaida polemikoa izan da jakinarazpenena, baina, hiru orduren ostean, Auzitegi Konstituzionaleko epaimahaikideek aho batez erabaki dute Kataluniako 21 ordezkariak mehatxatzea. Prozesu subiranistari begira PPk legealdi amaieran egindako Auzitegi Konstituzionalaren erreformaren ondotik, epaiak betetzen ez dituztenak zigortzeko ahalmena du auzitegiak. Orain, bost hilabete arteko epea du behin betiko epaia argitaratzeko. Aldeek hogei laneguneko tartea dute beste helegiteak jartzeko.

Bi ideia nagusitan oinarritu dira gobernuaren helegitearen argudioak: konstituzioaren «begi bistako» urraketan, eta «estatuaren erakundeekiko intsumisioan». Estatuaren abokatuak defendatu duenez, Kataluniako Parlamentuaren adierazpenak izaera juridikoa du, «kutsu politiko nabarmena» izateaz gainera: parlamentuari botere konstituziogilea onartu dio, eta berretsi du Espainiako Estatuko erakundeek ez dutela baldintzatuko deskonexio prozesua. Gobernuaren arabera, horrek esan nahi du Kataluniako herriaren eta Espainiako herriaren subiranotasun nazionalak desberdinak direla, eta, horrenbestez, konstituzioaren 1.2 artikulua «nabarmenki eta erabat» urratu duela. Denera, dozena erdiren bat urraketa salatu ditu gobernuak: 1.1., 2., 9.1. , 9.3., 23., eta 168. artikuluena, eta Kataluniako Estatutuaren beste horrenbesterenak.

Jurisprudentzia zabala

Era berean, «konstituzioa betetzeko eginbideari leialtasun falta» leporatu dio Madrilek Kataluniako Parlamentuari. «Konstituzioa espresuki ez betetzeko planteamenduak bizikidetza politikoaren ordenaren balio sistema moldatu du, eta estatu zuzenbidearekin bateraezina da». Halere, Espainiako Gobernuak ohartarazi du konstituzioa betetzeko betebeharrak ez duela arau horien «bat egite ideologikoa» inplikatzen. «Arauak betetzea ez da askatasun ideologikoaren aurkakoa».

Gobernuak lehenbailehen nahi du epaia, eta, ebazpena azkartzeko, jurisprudentzia zabala atxiki du helegitean. Izan ere, Madrilek ohartarazi du 1.2 artikulua ere urratu zuela 2013an parlamentuak onartutako adierazpen subiranistak; testu hura konstituzioaren kontrakoa zela ebatzi zuen Auzitegi Konstituzionalak.

Horrez gainera, gobernuak gogora ekarri du konstituzionalak 2006ko Kataluniako Estatutua bertan behera utzi zuen epaia: «Kataluniako herria ez da subjektu juridikoa, eta ezin da subiranotasun nazionalaren jabearekin lehiatu».

Kataluniako Parlamentuaren adierazpen independentistaren bederatzi puntuak banan-banan aztertu ditu helegiteak, eta konstituzioaren urraketak seinalatu ditu. Halere, gobernuak eskatu du adierazpen osoa hartzea konstituzioaren aurkakotzat. «Adierazpen oso baten gisa hartu behar da, bere osotasunean helburu jakin batzuk bilatzen baititu».

Madrilek salatu duenez, Kataluniako Parlamentuak Auzitegi Konstituzionalaren kontrola saihestu nahi du. Ez hori bakarrik: «Estatua zuzenbide estatu gisa ezaugarritzen duten notak bortxatu nahi ditu». Konstituzioaren aurkakoa ez eze, demokraziarentzat kaltegarritzat jo du gobernuak adierazpena. «Botere banaketa era irekian urratu du, eta Kataluniako Parlamentua, hobeto esanda, haren gehiengo ez kualifikatuak botere absolutua hartu du, segurtasun juridikoa erabat desagerraraziz».

Bederatzi puntuko eranskina ere jomugan du Madrilek. Besteak beste, pobrezia energetikoari, etxebizitzari, osasunari, eta hezkuntzari buruzko neurriak jaso ditu adierazpenak. Rajoyren gobernuaren arabera, baina, ez dira oinarrizko eskubideak, baizik eta Generalitateari hainbat kasutan ez dagozkion eskumenak.

Rajoyren agerraldia

Xehetasun guztiak zaindu ditu Madrilek prozesu independentista geldiarazteko ekintza irudikatzeko. Goizean ezohiko kontseilu ministrora deitu du Rajoyk, eta ondoren Marta Silva estatuaren abokatuak aurkeztu du helegitea Auzitegi Konstituzionalean, hedabideen kamera guztien aurrean. Prentsaurrekoa eman du ondoren Rajoyk.

Espainiako presidenteak azaldu duenez, PSOE oposizioko alderdi nagusiaren babesarekin aurkeztu du helegitea. «Ez dut onartuko pertsona batzuek denon artean egin ditugun arauak desegitea».

Presidentearen hitzetan, independentisten ekintzek «gogaitasuna eta sumindura» eragin dute herritarrengan. «Aurkeztutako helegitea da zuzenbide estatu batek legeetan sinesten duen eta horiek defendatzen dituen erakusgarri gorena».

Kataluniako ordezkariak zigortzeko mehatxuen alde egin du Rajoyk, haien erabakien ondorioen «zorabioa» senti dezaten. Helegitearen ildoari eutsi dio Espainiako presidenteak, eta konstituzioaren inposizioa demokraziaren defentsarekin lotu du. «Independentistek espainiarren konkista nagusia lapurtu nahi dute: demokrazia. Beretzat hartu dute ez dagokien botere konstituziogilea, eta soilik Espainiako herritarrena den subiranotasun nazionala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.