Hiru koloretako bandera ikus daiteke dagoeneko Muammar Gaddafiren Tripoliko egoitzaren teilatuan. Erreboltariek eraikinera sartu, eta kontrolpean hartzea lortu dute. Astelehenean Tripolira sartu zirenetik, diktadorearen egoitza izan da oposizioaren jomuga nagusia; Gaddafiren tropek setiaturik eduki dute eraikina, eta gogor eutsi diete erreboltarien erasoei, baina amore eman behar izan dute azkenean. Dena den, hasiera batean uste baino nekezagoa egiten ari zaie erreboltariei Gaddafiren erregimena behin-betiko garaitzea. Astelehenean hiriburuaren %95a kontrolpean zutela adierazi zuten, baina, atzo,%80ra jaitsi zuen zifra Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak, eta erabateko garaipena eskuratzeak luzerako jo dezakeela jakinarazi zuen. Egoitzaren aurkako erasoan, gainera, oposizioko kide asko hil edo zauritu egin dituzte.
Tripoliko hainbat auzotan, erreboltarien eta erregimenaren aldekoen arteko borrokek diraute oraindik. Egoeraren inguruan zabaltzen ari den informazioa, dena den, kontraesankorra da oso;Gaddafiren aldekoek Tripoli kontrolpean dutela esaten jarraitzen dute. Moussa Ibrahim gobernuko bozeramailearen arabera, hiriburuaren %70 erregimenaren kontrolpean dago.
Tripoli, ordea, ez da bi aldeen arteko liskarrak dauden hiri bakarra; Sirte, Sabha eta Zuuara hirietan ere borrokak izaten ari dira azken orduetan, NATOk zabaldutako informazioaren arabera.
Erreboltariek Libiaren %75a kontrolpean dutela diote. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, gainera, hiru egunen buruan menderatuko dute herrialde osoa.
«Gaddafi Tripolin dago»
Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak, bestalde, sinesgarritasun handia galdu du Saif al Islam publikoki agertu ostean. Hura eta Gaddafiren beste bi seme atxiloturik zituztela baieztatu zuen Kontseiluak astelehenean; atzo gauean, ordea, kalera irten zen Al Islam, eta ez zela atxiloturik egon adierazi zuen. «Tripoli gure kontrolpean dago», gaineratu zuen.
Gaddafi, berriz, hiriburuan dago bere semearen hitzetan, eta «ongi dago». Kirsan Iliumzhinov Nazioarteko Xake Federazioko presidenteak ere Gaddafi Tripolin dagoela adierazi du; haren arabera, telefonoz hitz egin du diktadorearekin, eta Libia uzteko asmorik ez duela berretsi dio. Iliumzhinoven esanetan, gainera, Gaddafiren seme Mohamed ere harekin dago —erreboltariek atxilotu egin zutela adierazi zuten astelehenean—.
Roland Lavoie NATOko ordezkariak, dena den, argi utzi du ez dutela Gaddafiren arrastorik, horri garrantzia kendu badio ere: «Ez dakigu non dagoen, baina ez da garrantzitsua. Gatazkaren irtenbidea politikoa izango da, eta Gaddafi ez da irtenbide horren parte izango».
Erreboltarien aurkako kritikak
Gaddafiren tropak, dena den ,ez dira zibilen aurkako errepresioa egozten zaien bakarrak; NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak, AI Amnesty Internationalek eta HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak diotenez, erreboltariek Gaddafiren aldeko zibilak eta militarrak torturatu eta hil dituzte liskarrak hasiz geroztik.
Donatella Rovera AIko ikertzailearen ustez, Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak ez du milizia guztien kontrola; «badute gehiegikerien berri, baina ez dute gelditzeko ahalmenik».
Hori dela eta, Mustapha Abdeljalil Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko buruak agian dimisioa aurkeztuko duela iragarri du; «harro nago indar matxinoen lanaz, eta haiekin fio naiz, baina haietako batzuen ekintzek kezkatu egiten naute. Horixe izan daiteke nire dimisioaren arrazoia».
NATOk lanean jarraituko du
NATOren ustez, «Gaddafirenak egin du jada». Dena den, oraindik erne egongo beharra dutela, eta hala egongo direla adierazi du; «Presioa egiten jarraituko dugu Gaddafiren tropa guztiak erretiratu direla ikusi arte, eta giza laguntza sartzea ahalbidetzen dela bermatu arte».
Hala, erregimena erortzen denean ere, martxoan hasitako misioarekin jarraituko duela argi utzi du NATOk. Tropak, hala ere, Libiatik atera egingo dituztela eta lurraldea airez zainduko dutela iragarri du; «mehatxuren bat ikustean, gure eskutan utzi zuten misioa kontuan hartuta jokatuko dugu».
NBE, berriz, etzi New Yorken biltzekoa da Liga Arabiarrarekin, Afrikako Batasunarekin eta Europako Batasunarekin, Libiako gatazkaren amaierari nazioarteak eman beharreko erantzunaren inguruan adosteko. «Nazioarteak bateraturik jokatu ahal izateko bideak garatzea izango da helburua», adierazi du erakundeko bozeramaileak.
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
Tripoli hartu dute, Gaddafi ez
Erreboltariek Muammar Gaddafiren egoitza mendean hartzea lortu dute, eta Tripoliren %80 kontrolpean dutela adierazi duteOraindik ez dute diktadorearen berririk; haren semearen arabera, hiriburuan dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu