Botoa emateko eguna dute gaur Grezian; legebiltzarrerako aitzinatutako hauteskundeak eginen dituzte, hain zuzen. Hango herritarrak ez ezik, EB Europako Batasuneko agintariak, NDF Nazioarteko Diru Funtsaren arduradunak eta bertzelako nazioarteko finantza erakundeetako kideak ere adi egonen dira emaitzei, inkestek dardara betean paratu baitute troika. Izan ere, ustea betetzen bada, herrialdeko bi alderdi nagusiek —Pasok Mugimendu Sozialista Panhelenikoak eta ND Demokrazia Berria kontserbadoreak— ez dute lortuko gobernatzeko behar bertzeko sostengua, ez bakarka, ez koalizioan; eta alderdi horiek bakarrik daude nazioarteko erreskate planaren alde. Hamar indarrek lor dezakete ordezkaritza parlamentuan: komunistetatik hasi, eta nazismoaren ingurukoetaraino. Greziako herritarren nahiak bete-betean jo ditzake troikaren interesak. Bertze behin.
Hauteskundeak hurrengo urteko urrian ziren egitekoak, baina, joan den hilean, Lukas Papademos lehen ministroak aitzinatzeko erabakia hartu zuen. Public Issue taldeak egin zuen azken inkesta, apirilaren 12an —hauteskunde legearen arabera, ezin da inkestarik argitaratu bozen aurreko bi asteetan—. Horren arabera, 1974tik —Junta Militarra erori zenetik—, erabat higatu da herritar gehienek bi alderdi nagusiei eman dieten babesa, elkar lotuta dauden bi arrazoi nagusirengatik: Greziako egoera ekonomiko larria —langabezia %21 da—, eta EBk, NDFk eta Europako Banku Zentralak erreskatearen truke ezarritako baldintza gogorrak.
Pasoken hondoratzea
Pasokek botoen %44rekin irabazi zituen 2009ko hauteskundeak, gehiengo osoz, krisi ekonomikoari aurre egiteko ezintasunak ND hondoratu zuenean. Azken inkestaren arabera, baina, Pasokek ere arrazoi beragatik hartuko du zartakoa oraingoan, eta ez nolanahikoa, babesa %15eraino jaitsiko baitzaio. Horren ondorioz, ND bihurtuko litzateke berriz ere lehenbiziko alderdia, baina ez lituzke lortuko kontent egoteko emaitza batzuk: 2009ko %33tik, %20ra jaitsiko litzateke. Izan ere, Georgios Papandreu Pasokeko buru ohiak iazko azaroan lehen ministro kargua utzi ondotik, sozialdemokratekin gobernu teknikoa eratu zuen NDk. Papademos Greziako Bankuko presidente ohi eta Europako Banku Zentraleko presidenteorde ere izandakoa paratu zuten lehen ministro, eta bi alderdiek idatziz berretsi zuten konpromisoa zutela EBrekin Bruselak ezarritako murrizketak aplikatzeko. Hortaz, herritar anitzentzat, bai Pasok eta bai ND, bata bertzea bezain errudun da.
Sinatutakoaren esklabo, bi alderdi nagusiek zail izan dute kanpainan promesak egiteko. Evangelos Venizelos Pasokeko buruak EBri eskatuko dio bitik hiru urtera luzatzeko murrizketak egiteko epea, eta hitzeman du 2015etik aitzinera ez dituela horrelako neurri gehiago hartuko. Antonis Samaras NDko buruak, berriz, handira bota du hordagoa: gizarte laguntzak gehitu eta zergak txikituko dituela ez ezik, troikarekin hartutako konpromisoak beteko dituela ere erran du. Gainera, adierazi du ez duela asmorikPasokekin berriz ere koalizioa osatzeko.
Troikaren bisita hil amaieran
Hil honen amaieran, troikaren ordezkariek Greziara bisita egiteko asmoa dute murrizketa gehiago aplikatzeko eta sektore publikoaren pribatizazioan sakontzeko plana egiteko. Espero dute ordurako beren asmoekin konprometitutako gobernu bat egongo dela, bai bi alderdi nagusietako baten gehiengo absolutuarekin, bai bien koalizioarekin.
Errealitateak, ordea, bertzelako irudi bat marraz lezake; izan ere, azken inkestaren arabera, bozetara aurkeztuko diren 32 alderdietatik hamar egonen dira parlamentuan, eta horietako gehienak, gainera, Pasokek eta NDk sinatutako erreskatearen aurkakoak. Pasoken gibeletik, botoen %10 inguru lor ditzakete KKE Greziako Alderdi Komunistak, Syriza ezkerreko koalizioak, Dimar Ezker Demokratikoak eta Greziar Independenteak eskuineko taldeak —NDren burukomin handiena—. Lau horiek eduki dezakete gobernuko giltza.
Troika dardararazteko bozak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu