Afganistango Tribuen Batzar Handiak AEBekin hamar urterako akordioa egitea onartu du gaur, eta horren ondorioz AEBek base militarrak izango dituzte herrialde horretan akordioa indarrean dagoen artean. Hala ere, zenbait baldintza ezarri dituzte, eta gauez ekintzaile islamisten aurkako operazioak bertan behera utzi beharko dituzte estatubatuarrek. Gainera, egin beharreko operazioak Afganistango armadarekin batera egingo dituztela adostu dute.
2.000 ordezkarik hartu dute parte batzarrean, Kabulgo unibertsitatean. Karzai Afganistango presidentea pozik agertu da amaieran. Akordio militarrak mesfidantza piztu du inguruko herrialdetan, baina presidenteak esan du ez dutela nahi baseak horien aurka erabiltzea: "Milaka urte daramatzagu gure bizilagunekin elkarren ondoan bizitzen, eta ez daukagu batere asmorik mina egiteko".
Talibanek parte ez hartzeko deia luzatu zuten, eta ostegunean bi suzi bota zituzten inguruko mendietatik. Hala ere, eragozpen handirik gabe burutu da lau eguneko batzarra. Berez Karzaik ez zuen akordioa onartzeko batzarraren onespena, baina babesa handikoa izango du abenduan Bonnen (Alemania) egingo den nazioarteko bake konferentzian.