Siriako Gobernuak esan du hirietatik tropak erretiratzeari ekin diola. Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziari jakinarazi dio Daraatik, Idlibetik eta Zabadanitik soldaduak ateratzen ari dela jada. Apirilaren 10era arteko epea eman dio berriki Annanek bake plana betetzeko, eta Baxar al-Assad presidenteak onartu egin du. NBEk dio egiaztatu egin behar duela Damaskok esandakoa egia ote den, baina Annanek NBEren Batzar Orokorrean esan du pauso gehiago behar direla. «Argi dago indarkeriak jarraitzen duela, hildakoen kopuruak kezkagarriak dira, baita egunero egiten diren bestelako gehiegikeriak ere. Zibilen aurkako erasoak egiten dituzte. Siriarren hobe beharrez hilketak gelditu behar dira, eta elkarrizketa politikoa hasi».
Siriatik, hain justu, mezu kontrajarriak iritsi dira, oposizioak baitio tropek ez dutela atzera egin eta armadak hiriak bonbardatzen jarraitzen duela. Atzo bertan dozenaka lagun hil zituztela salatu dute. Londresen egoitza duen Siriako Giza Eskubideen Behatokiak esan du hegoaldeko Kfar Xamsen eta Damasko inguruko Duman bonbardaketak egin dituztela, eta oposizioko Herri Koordinaziorako Batzordeen esanetan Hazano eta Kalali hirietan ere erasoak egin ditu armadak, eta ehunka lagunek hiri horietatik ihes egin dute.
Nazioartean ere mesfidati agertu dira Al-Assaden hitzen aurrean. Herenegun AEBek esan zuten ez dutela plana ezartzen hasi izanaren «frogarik» ikusi. Atzo, berriz, AI Amnesty International erakundeak jakinarazi zuen armadak 232 lagun hil dituela Al-Assadek Annanen bake plana onartu duenetik.
Nazioartetik presio handiagoa
Indarkeria amaitzeko eguna eta ordua jarri du Annanek: datorren ostegunean goizeko bostetan. Behin ultimatuma amaituta, erlojua zenbatzen hasiko dela adierazi du Annanen bozeramaile Ahmad Fawzik: «48 orduko epea izango dute indarkeriarekin amaitzeko». «Gobernuari eta komandanteei eskatzen diet argibideak eman ditzatela mezua herrialde osora irits idadin», esan du Annanek. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek NBEren idazkari nagusi ohiari gogorarazi dio, gobernuaz gain oposizioak ere bete behar duela bake plana.
NBEren Segurtasun Kontseiluak, berriz, Annanen bake plana «lehenbailehen» martxan jartzeko eskatu dio Siriako Gobernuari. «Gehienez apirilaren 10erako» planaren sei puntuak betetzeko eskatu diote. «Horrek esan nahi du hirietara tropak bidaltzeari uztea, arma astunak erabiltzeari uko egitea, eta militarrak herri nahiz hirietatik ateratzea». Bide orria betetzen dela ziurtatu egin behar dela ere nabarmendu dute Segurtasun Kontseiluko kideek. Hori horrela, Annani eskatu diote behatzaileen misioa lehenbailehen martxan jartzeko. Erakundeko hamabost kideek onartu dute adierazpena, eta Annani babesa adierazi diote. Segurtasun Kontseilukoek Siriako Gobernuari adierazi diote «neurri egokiak» hartuko dituztela urrats horiek betetzen dituela aztertu ondoren.
Bake plana betetzen dela gainbegiratuko duen behatzaileen misioa prestatzeko, NBEk ordezkaritza bat bidali du Siriara. Agintariekin herrialdera bidali nahi dituzten 250 behatzaileen lana zein izango den eta nola egingo duten. Annanen eledun Fawzik esan du talde honek ez duela plana betetzen ari diren edo ez gainbegiratuko. «Behatzaileak mugitzeko askatasuna lortu behar dute eta horien segurtasuna bermatu behar da», adierazi du Annanek. Hori lortzea izango da, hain justu, Robert Mood norvegiarrak zuzentzen duen taldearen egitekoa egunotan.
Iranera babes eske
Apirilaren 11n, ultimatuma bukatu ondoren, Iranera joango da NBEren idazkari nagusi ohia agintariei bake plana babestu dezatela eskatzera. Iranek Al-Assadi babesa agertu dio gatazkaren hasieratik, eta Teheranek Damaskon duen eraginaz jakitun, gobernuak planarekin bat egitea lortu nahi du Annanek
Bestalde, ICRC Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak jakinarazi du Siriako agintariekin akordio bat lortu duela erakundearen presentzia handitzeko herrialdean. Era horretan, laguntza emateko langile gehiago bidali ahalko dituela argitu du ICRCk, eta ahalmen logistikoa ere handituko duela. Gainera, egunero bi orduko su-etenak egiteko ICRCren eskaera ere bildu dute itunean, baina ez dute zehaztu nola egingo duten.
Bestalde, Turkiak jakinarazi du azken bi egunetan 1.600 lagun inguruk bi herrialdeak bereizten dituen muga zeharkatu dutela, eta jada 21.000 direla Siriako errefuxiatuak haren lurretan. NBEren arabera, 9.000 lagun baino gehiago hil dira protestak hasi zirenetik.
Tropak hirietatik ateratzen hasi direla esan dio Damaskok NBEri
Kofi Annanek adierazi du indarkeriak jarraitzen duela; oposizioak bonbardaketak salatu ditu Siriako hainbat hiritanAIk esan du armadak 232 lagun hil dituela Al-Assadek bake plana onartu duenetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu