Botoen %79 zenbatuta, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroaren Alderdi Liberalak irabazi ditu herrialdeko bozak. Boto galera handia izan duen arren, 156 eserleku izango ditu parlamentuan. alderdi Kontserbadoreak 121 izango ditu, Bloke Qubectarrak 32 eta Alderdi Demokrata Berriak 25.
Inkestek Alderdi Liberalaren eta Alderdi Kontserbadorearen arteko berdinketa iragarri badute ere, Trudeauk nagusitzea lortu du, bere iraganeko argazki batzuen inguruko polemika baldintzatu duen hauteskunde kanpaina bati aurre egin izan badio ere. Lehen ministroa irakasle zen garaian mozorrotzeko asmoz aurpegia belztuta ageri zuten argazki batzuek eragin dute eztabaida.
Trudeauren alderdiak sekula izan duen boto galerarik handiena pairatu du, baina, hala ere, gobernua eratzeko aukera izango du, gutxiengoan.
Alderdi Demokrata Berriak espero baino babes urriagoa lortu du, baina eragin handia izan dezake Trudeauren hurrengo gobernuan.
Bloke Quebectarra alderdi independentistak, berriz, boto kopuru handia eskuratu du Quebecen, hauteskundeetara aurkeztu den lurralde bakarrean, eta herrialdean gehien bozkatutako indarretan hirugarrena izan da.