AEB-ak

Trump izango da errepublikanoen hautagaia; Bidenek gertu du izendapena

AEBetako presidenteak ordezkarien gehiengoa lortu du primarioetan. Demokraten barne lehian, AEBetako presidenteorde ohiak Sandersekiko aldea handitu du.

Donald Trump AEBetako presidentea, atzo. EFE
ander perez zala
2020ko martxoaren 18a
09:39
Entzun

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentetzarako hauteskundeak azaroan egingo dituzte, eta, bi alderdi nagusiak oraindik primarioetan murgilduta dauden arren, urte amaierako lehiak finkatua dirudi: Donald Trump AEBetako presidenteak ordezkarien gehiengoa lortu zuen atzo, eta, hortaz, Alderdi Errepublikanoak presidentegai izendatuko du abuztu amaieran egitekoa den konbentzioan. Demokraten artean, Joe Biden AEBetako presidenteorde ohiak garaipen sorta garrantzitsua lortu zuen, eta are gehiago handitu du Bernie Sanders senatariarekiko aldea.

AEBetako presidentearen garaipena aurreikusita zegoen, eta jakiteko zegoen bakarra zen noiz lortuko zuen ordezkarien gehiengoa: atzo Floridan eta Illinoisen egindako barne bozen ostean, Trumpek banaturiko 1.331 ordezkarietatik 1.330 lortu ditu, ia guztiak. 1.276ko kopuruan dago finkatua gehiengo osoa, eta AEBetako presidenteak atzo gainditu zuen langa hori, aise gainera. Horiek horrela, abuztuaren 24tik 27ra egitekoa den konbentzioan izendatuko du Alderdi Errepublikanoak ofizialki presidentegai.

Trumpek 2016koa baino lasterketa askoz ere lasaiagoa izan du; orduan, maiatzaren amaierara arte lehiatu behar izan zuen ordezkarien gehiengora iristeko. Gero, urte hartan egindako presidentetzarako hauteskundeetan, Hillary Clinton hautagai demokratari gailendu zitzaion —ordezkari gehiago izan zituen orduko hartan ere—, nahiz eta hiru milioi boto gutxiago galdu zituen. 

Aurten, azken orduko ezustekorik ezean, AEBetako presidentea Joe Biden presidenteorde ohiaren aurka lehiatuko da azaroan. Bidenek Floridako, Illinoisko eta Arizonako primarioak irabazi zituen atzo, eta are gehiago handitu du Sandersekiko aldea. Behin-behineko zenbaketaren arabera, AEBetako presidenteorde ohiak 1.147 ordezkari ditu, eta senatari independenteak, 861; demokraten barne lehiako gehiengo osoa 1.991ko kopuruan dago.

Hori bai, koronabirusa dela eta, hainbat estatutako primarioak atzeratu egin dituzte —oraingoz, bost—, eta, hortaz, Bidenek itxaron egin beharko du ordezkarien gehiengoa eskuratzeko. Alderdi Demokrata uztailaren 13tik 16ra da konbentzioa egitekoa; bi hautagaietako bat gehiengo osorik gabe iritsiko balitz konbentzio horretara, superordezkariek emango lukete botoa, eta, hala gertatzen bada, ziurtzat jotzen da AEBetako presidenteorde ohia izango dela garaile, alderdiaren aparatuaren hautagai gustukoena baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.