Trumpek 30 egun eman dizkio OMEri «Txinarengandiko independentzia» erakuts dezan

Osasunaren Mundu Erakundeari «Txinaren txotxongiloa» izatea leporatu dio AEBetako presidenteak, eta partaide izaten jarraitzea «pentsatuko» duela ohartarazi dio. Arreta izurriaren kudeaketa txarretik desbideratu nahi izana egotzi dio Pekinek Trumpi.

Trump, atzo, Etxe Zurian. DOUG MILLS / POOL / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 19a
16:03
Entzun

Osasunaren Mundu Erakundea «Txinaren txotxongiloa» dela esan du Donald Trump AEBetako presidenteak gaur goizean. Etxe Zuriko maizterrak Asiako erraldoiaren eta haren ingurukotzat dauzkanen aurka azken asteotan botatako mezu gordinen ale bat besterik ez dela pentsatu dute askok goizean, baina ordu batzuk geroago erasoaldia idatziz jarri du Trumpek.

Gutun bat bidali dio estatubatuarrak OMEren buruari, mehatxu argi batekin: nazioarteko erakundeak 30 eguneko tartea du «hobekuntza handi eta funtsezkoak» egiteko konpromisoa hartzeko; bestela, AEBek «izoztu» egingo dute OMEri ematen dioten dirua, eta «berriz pentsatuko» dute horren bazkide izaten jarraitzea. Trumpek ez du argitu zertan dautzan hobekuntza horiek, baina argi utzi du Txinarekiko jarreraren ingurukoak direla.

OMEren buru Tedros Adhanom Ghebreyesusi bidali dio gutuna Trumpek, eta Twitterren argitaratu du.

«Nire gobernuari agindu diot diru ekarpena eteteko, ikertzen dugun bitartean zer eginkizun izan duen OME Osasunaren Mundu Erakundeak koronabirusaren zabalkundea izugarri gaizki kudeatzeko eta ezkutatzeko garaian», esan zuen Trumpek apirilaren 15ean. Gaurko gutuna orduan abiaturiko ikerketaren ondorioa dela adierazi du AEBetako presidenteak.

Txinako Atzerri Ministerioaren eledun Zhao Lijianek erantzun du Trumpek jendea nahastu nahi duela, Txina zikindu, eta AEBek izurriari emaniko «erantzun traketsaren errua besteei leporatu». Izan ere, presidente kargua jokoan izango du Trumpek udazkeneko hauteskundeetan, eta etxean bertan gogor gaitzetsi dute izurria nola kudeatu duen. Munduan ia bost milioi koronabirus kasu atzeman dituzte ofizialki, eta horietako 1,5 milioi AEBetan. Datu ofizialen arabera, 90.000 pertsona hil dira han izurriaren eraginez.

Trumpen salaketak

Trumpen gutunaren tesia honela laburbil daiteke: OMEk, Txinarekin adostuta, izurriaren larritasuna ezkutatu zuen, eta munduan barreiatzen utzi zuen, «kontroletik at».

AEBetako presidenteak argudiatu duenez, osasun erakunde horrek etengabe egin zien «muzin» hainbat txosten «sinesgarriri», zeinek ohartarazten zuten koronabirusa Txinako Wuhan hirian zabaltzen ari zela «abenduaren hasieran edo lehenago ere». Trumpek iradoki du OMEk ez zituela txostenak ikertu, Pekingo txosten ofizialekin «talka egiten» zutelako.

Trumpek Adhanom bera zuzenean salatu du: dioenez, Txinako presidente Xi Jimpinek OMEko burua “estutu” zuen urtarrilaren 21ean erakundeak ez zezan koronabirusa larrialdi izendatu. «Amore eman zenuen hurrengo egunean, eta munduari esan zenion koronabirusa ez zela nazioarteko osasun publikoko larrialdi bat». Hurrengo astean atzera egin zuela gogoratu dio Trumpek Adhanomi.

Horrez gain, Txinaren «gardentasuna» goraipatu izana leporatzen dio Etxe Zuriak OMEren buruari. Adhanomek eta erakundeak eginiko «etengabeko akatsak» munduari «oso garesti» atera zaizkiola adierazi du Trumpek, eta erakundeak daukan aterabide bakarra «Txinarengandiko independentzia erakustea» dela ohartarazten dio.

AEBek OMEren aurrekontuaren %14 inguru ordaindu zuten azken jardunaldian, 826,7 milioi euro. Erakundea bilduta egon da atzo eta gaur, Genevan (Suitza), urteroko kideen batzarrean. Adhanomek atzo onartu zuen ikerketa independente bat egingo dutela AEBek eta beste estatu batzuek —tartean Europako Batasuna— eginiko kritiken inguruan, eta ondorioak eta gomendioak «ahal bezain laster» jarriko dituztela indarrean.

OMEren kideek erakundeari sostengua agertzeko adierazpen bat sinatu dute gaur. Europako Batasunaren ekimenez idatzi dute erresoluzio zirriborroa, eta, sostengua agertzeaz gain, ikerketa independentea eskatzen du OMEren kudeaketaren inguruan. Txinak ere sinatu egin du erresoluzioa. «Hau elkartasunerako garaia da», esan du Europako Batzordeko eledun Virginie Battu-Henrikssonek, «ez salaketak egiteko edo alde askotako lankidetza zapuzten saiatzeko».

Trump: «Berez joango da apirilean»

Trumpen salaketek harridura eragin dezakete, bera kemen handiz aritu baitzen izurriari larritasuna kentzen AEBetan kasuak ugaritzen hasi aurretik. Hango prentsak argitaratu duenez, hamabi aldiz ohartarazi zioten Trumpi izurriaren larritasunaz, egunero Etxe Zurian egiten diren goizeko informazio bileretan, urtarrilean eta otsailean. Hedabide batzuek presidentearen hitzak jaso dituzte erakusteko gutxienez 44 aldiz esan zuela jendaurrean eta komunikabideetan arazoa «kontrolpean» zegoela, «apirilean berez joango» zela «eguraldi onarekin», «gripea bezalakoa» zela, eta «arriskua oso txikia» zela.

Izan ere, Txinak eginiko ohartarazpenen eta AEBek emaniko erantzunen inguruko bideo umoretsu bat biral egin zen maiatzaren hasieran. Txinako telebista batek egin zuen. Bideoan, txinatarrak izurriaz ohartarazten jarraitzen du, baina estatubatuarrek hasieran garrantzia kentzen diote egoerari, eta, gero, ohartarazi ez izana egozten diete. Etxe Zuriaren kontraesanak nabarmentzen dituzte animazioaren egileek. Halako batean, estatubatuarrek esaten dute: «Birusa ez da arriskutsua. Baina milioika txinatar hil dira».

 

Bideo zabaldu aurreko egunetan, Trumpek esan zuen esan zuen uste zuela birusa Txinako laborategi batean sortu zutela. Elkarrizketa batean gaineratu zuenez, Pekinek izurriaren kudeaketarekin erakutsi du edozein gauza egiteko prest dagoela berak azaroko bozak gal ditzan.

Trumpek lehen ere gogor jo izan du OMEren aurka, eta Txinaren aldekoa izatea egotzi dio. Etxe Zuriak Txinatik helduriko bidaiariei mugak ixteko harturiko erabakia gaitzetsi zuen OMEk urtarrilean, izurriaren kontrako neurri eraginkorra ez zelakoan. «Oso kezkagarria da OME isilik geratu izana ikertzaileak eta sendagileak desagertzearen inguruan, baita [Txinak] COVID-19aren jatorriaren inguruko ikerketari mugak jarri izana ere», esan zuen AEBetako presidentek. Washingtonek OMEren aurrekontuaren ia bosten bat ordaindu zuen 2018-2019ko epean, 826,7 milioi euro.

Trumpen erabakiak erantzun sorta bat eragin zuen apirilaren erdialdean. «Orain ez da garaia» OMEri ekarpena eteteko, esan zuen Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiak. «Izurri hau igarotzen denean, une bat egon beharko da atzera begiratzeko eta ulertzeko nola sortu zen gaitz hau eta nola zabaldu zuen kaltea mundu osoan horren azkar», idatzi zuen Guterresek, ohar batean. «Baina orain ez da horretarako garaia». OMEren zuzendariak ere deitoratu zuen erabaki hori, eta adierazi zuen espero duela birusaren aurkako borrokan eraginik ez izatea.

Nazioarteko erakundeen kontrako neurriak hartu ditu Trumpek aginteari heldu zion unetik. AEBak Unescotik atera zituen, NBEren Giza Eskubideen Kontseilutik, Klima Aldaketaren Parisko Hitzarmenetik eta Iranekin eginiko hitzarmen nuklearretik.

Errusiak Trumpen jarrera gaitzetsi zuen apirilean, eta bere osasun sistemaren egoeraren erantzukizuna beste batzuei leporatu nahi izatea egotzi zion. «Herrialde horretako politikariek beti topatzen dituzte errudunak: pandemiarenak, Txina eta OME; [Hillary] Clintonen porrotarena, Errusia; AEBetako osasun sistemaren arazoena, Putin bera», esan zuen Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioaren eledunak.

Alemaniako Gobernuak «sostengu argia» eman zion Osasunaren Mundu Erakundeari. «OMEren lana oso garrantzitsua da, batez ere une hauetan», esan zuen Steffen Seibert eledunak. Nazioarteko erakundeak Berlinen «sostengu osoa eta dagokion dirua» dituela gaineratu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.