Irismen labur eta ertaineko misil nuklearrak murrizteko akordioa sinatu zuten AEBek eta Errusiak 1987an, eta, hiru hamarkada geroago, arriskuan egon daiteke Gerra Hotzaren amaierarako mugarrietako bat izan zena. Akordio hori eten egingo duela iragarri du Donald Trump AEBetako presidenteak. Trumpek Errusiari egotzi dio hitzarmena urratzea. "Errusiak akordioa urratu du. Urte askoan urratu du, eta ez dakit zergatik Obama presidenteak ez zuen negoziatu edo akordioa bertan behera utzi".
Trumpek adierazi du Errusiak akordioak debekatzen dituen armak garatu dituela, hitzarmena indarrean izan arren. "Ez dugu onartuko haiek akordioa urratzea eta armak egitea, eta guri gauza bera egiten ez uztea. Guk eutsi egin diogu akordioari, baina Errusiak ez du errespetatu. Beraz, eten egingo dugu".
Errusiaren iritziz, Trumpen hitzak kezkagarriak dira. Sergei Riabkov Errusiako Atzerri Gaietarako ministrordeak Washingtoni egotzi dio "xantaiaren bitartez" Errusiari presio egitea, Moskuk hainbat arlotan amore eman dezan. Riabkovek galdetu du Etxe Zurian ba al dagoen beste ideiarik, Errusiari "ustezko urratzeak onartu eta irizpide estatubatuarren arabera jokatzera deitzeaz gainera".
Trumpen hitzen ondotik, AEBek eta Errusiak bilera egingo dute gaur akordio nuklearrari buruz hitz egiteko. John Bolton AEBetako segurtasun aholkularia Moskun dago Errusiako agintariekin biltzeko. Riabokovek espero du Boltonek "azalpen zehatzagoak" eskaintzea AEBren jarrerari buruz.
Erresuma Batuak babestu egin ditu Trumpen adierazpenak. Gavin Williamson Defentsa ministro britainiarraren arabera, "Errusia da akordioa urratzen ari dena, eta Errusia da bere etxean ordena jarri behar duena". Garvinek nabarmendu du AEBak direla Erresuma Batuaren aliatu nagusia eta harekin konprometituta daudela.