Geroz eta gaiztotuago daude Txinaren eta AEB Amerikako Estatu Batuen arteko harreman diplomatikoak, eta horren isla da atzoko gertakaria. Izan ere, Donald Trump AEBetako presidenteak iragarri zuen dekretu bat sinatu duela Hong Kongi ematen zion tratu ekonomiko eta komertzial bereziari amaiera emateko, eta, horrez gain, Txinari zigor berriak jarri dizkio, eskualde horren «askatasuna deuseztatzeagatik».
«Ez dute pribilegio berezirik izango, ezta aparteko tratu ekonomikorik ere, eta ezingo dute teknologia berririk esportatu. Gainera, badakite Txinari muga zerga masiboak jarri dizkiogula», gogorarazi zuen AEBetako presidenteak.
Horrela, beste urrats bat egin du Trumpek. Hain zuzen, maiatzean agindu zion haren gobernuari Hong Kongi ematen dion lehentasunezko tratua ahalik eta txikiena izateko, eta, hemendik aurrera, Washingtonek ez ditu harreman bereziak izango lurralde autonomo horrekin.
AEBek hartutako azken neurriak zerikusia du Txinako Parlamentuak maiatzaren 28an onartu zuen Hong Kongerako Segurtasun Legearekin, hori guztiz baztertzen baitute, lurralde hori «zapaltzeko» bidea dela iritzita. Hong Kongen lurrikara politikoa eragin du lege horrek, eta baita handik kanpo ere.
Arau horrek, besteak beste, sedizioa, sezesioa eta atzerriko esku hartzea zigortzea du helburu. Horrez gain, Txinako segurtasun indarrek hainbat eskumen izango lituzkete administrazio eskualde horretan, eta askeago jokatu ahal izango lukete.
Hala, horri erantzuteko eratu du Trumpek Hong Kongerako Autonomia Legea. Etxe Zuriak atzo adierazi zuenez, legeak «Hong Kongeko autonomia ezabatzeko Txinaren ekintzei» laguntzen dieten pertsonei, entitateei eta finantza erakundeei zigorrak ezartzea baimentzen du.
Txinaren erantzuna
Berehala erreakzionatu du Txinak, eta zigorrak ezartzearekin egin die mehatxu . Txinako Gobernuak gaur adierazi duenez, Washingtonek sinatutako lege berria Pekingo «barne arazoen interferentzia larria» da. Hori horrela, errepresaliak hartzeko mehatxua egin du.