Afganistan

Trumpek atzera egin eta soldadu gehiago bidaliko ditu Afganistanera

Orain arte defendatutakoaren kontra, Pentagonoaren proposamenak onartu eta 4.000 soldadu bidaliko ditu, handik erretiratzeko datarik gabe.

Soldatu estatubatuarrak Trump presidentearen hitzaldian. MARK WILSON / POOL
2017ko abuztuaren 22a
07:32
Entzun

Donald Trumpek adierazi du AEBek Afganistango gerran jarraituko dutela; herrialde horren historiako gerra luzeena da. Hasieran defendatzen zuenaz bestera, tropa gehiago bidaliko ditu Afganistanera, erretiratzeko datarik zehaztu gabe.

Urteetan, Trump presidenteak adierazi du tropak Afganistandik erretiratu behar zirela, ez zuelako merezi dirua urrutiko herrialde batean gastatzea. Orain, ordea, Pentagonoari kasu egitea erabaki du. Pentagonoak, hain zuzen ere, Afganistanera errefortzuak bidaltzea gomendatzen zuen, talibanek egindako aurrerapenei aurka egiteko. "Hasieran, erretiratzearen alde egiten nuen, eta, oro har, gustuko dut nire senari jaramon egitea. Hala ere, bizi osoan entzun dut erabakiak bestela hartzen direla presidente zarenean", adierazi du Trumpek Fort Myerko (Virginia) base militarrean emandako hitzaldi batean.

Ez du adierazi zenbat tropa bidaliko dituzten, horrek "etsaiari abantaila" emango liokeelako, baina Kongresuko iturriek adierazi dute 4.000 militar inguru joango direla.

NATOren Afganistango operazioa 2015eko urtarrilean bukatu zen, baina, geroztik, talibanek eremua irabazi dute herrialdeko hainbat zonatan. Horren ondorioz, Pentagonoaren ustea da beharrezkoa dela tropa gehiago bidaltzea.

Trumpek adierazi du Etxe Zuriak Afganistango gobernua defendatzen jarraituko duela. "Baina gure laguntza ez da txeke zuri bat. Afganistanek bere gain hartu beharko ditu karga politikoa, militarra eta ekonomikoa".

Askotariko erantzunak

Trumpen adierazpenen harira, talibanek erantzun dute Estatu Batuen "hilerria" izango dela Afganistan. "Estatubatuarrek ez badituzte tropak erretiratzen, Afganistan izango da Estatu Batuen inperioaren XXI. mendeko hilerria".

Afganistango presidente Axraf Ganik, ordea, eskerrak eman dizkio Trump presidenteari. "Eskerrak eman nahi dizkiet Trump presidenteari eta amerikarrei laguntza emango digutela berresteagatik".

NATOn ere pozik agertu dira AEBen taktika berriarekin; Jens Stoltenberg idazkari nagusiak "ongietorria" egin dio estrategiari. "Ongietorria egiten diot Trump presidenteak Afganistani buruz duen estrategia berriari. Irrikan nago James Mattis Defentsa idazkariarekin eta gure nazioarteko kideekin hurrengo pausoak eztabaidatzeko", adierazi du Norvegiako politikariak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.