"Batzuetan momentuko berotasunagatik eta hainbat gauzaz hitz egiten delarik, ez dira hitz egokiak aukeratzen, edo esan behar ez dena esaten da. Nik hori egin dut", aitortu du Donald Trump AEBetako lehendakarigaiak bart Ipar Carolinan ekitaldi batean. Hainbat izan dira Trumpek uda honetan eragindako eztabaidak, ahoberokeriak, eta esandakoengatik ez diotela botoa emango esan dute hainbat kargudun publikok Alderdi Errepublikanoan bertan. Bart barkamena eskatu du Trumpek.
"Sentitzen dut", esan du, eta jarraitzaileek txalo jo diote. "Sentitzen dut; bereziki, min egin dudalako", adierazi du. Trumpek ez du adibiderik jarri, baina azken asteetako hizpide nagusietako bat da hautagai errepublikanoak Iraken hildako soldadu musulman batzuen gurasoez esandakoak. Humayun Khan Iraken hil zuten, bonbaz, 2004an, eta haren gurasoek demokraten konbentzioan hitz egin zuten; esan zuten ezen, eurak pakistandarrak izanik, Trumpen immigrazio politikekin ezingo zirela joan AEBetara, eta semeak ezingo zuela gerran bizia eman. Trumpek erantzun zuen soldaduaren aitak hitz egin zuela, eta ez amak, "agian uzten ez ziotelako". AEBetan, gerran hildako soldaduen gurasoei errespetu handia izaten zaie, eta Alderdi Errepublikanoan bertan hautsak harrotu zituen Trumpek hitz horiekin. Aurretik hitz gogorrak izan ditu emakume zenbaitzuei edo etorkinei buruz.
Barkamena eskatu ondoren, Trumpek gaineratu du berak beti egia esango duela eta asko dagoela jokoan. Berak zintzo jokatzen duela adierazi du, eta aukera baliatu du Clintonen aurka egiteko: "Hark ez du sekula esaten egia". Gaur erakutsi duen jarrerak ez du zerikusirik orain arte erakutsitakoarekin. Duela egun batzuk WKBT telebista katean egin zioten elkarrizketan, esan zuen ez duela izaera aldatu nahi: "Bakoitzak den bezalakoa izan behar du. Aldatzen hasten bazara, ez zara zintzoa jendearekin".