Trump eta Kim Singapurren elkartzekoak ziren hurrengo ekainaren 12an. Bi herrialde horietako agintari gorenen arteko historiako lehenbiziko bilera zatekeen, baina ez dela eginen jakinarazi du Etxe Zuriak. "Gogotsu nengoen zurekin elkartzeko esperoan. Zoritxarrez, zure azken adierazpenetan erakutsi duzun amorru izugarriagatik eta etsaitasun irekiagatik, niretzat ez da egokia orain egitea aspaldian prestatutako bilera hau. Horregatik, eskutitz honek balio dezala argitzeko Singapurreko bilera ez dela eginen bi aldeen hobebeharrez, baina munduaren kalterako", idatzi du Trumpek Kimi bidali dion eskutitzean.
Trumpek duela bi aste jakinarazi zuen bilera ekainaren 12an Singapurren izanen zela. Azken egunotan, ordea, berriz ere tentsioa piztu da bi herrialdeen artean. Joan den astean Ipar Koreak gogor kritikatu zituen AEBek eta Hego Koreak elkarrekin egin dituzten ariketa militarrak, ekintza erasokortzat jo baitzituen. Hego Koreako ordezkariekin egitekoa zuen goi mailako bilera bat bertan behera utzi zuen. Hainbat ika-mika izan dituzte azken egunotan. Azkena, atzo bertan. Mike Pence AEBetako presidenteak Fox News kateari adierazi zion Piongiang "oker" zegoela Trumpi "ziria" sartu nahi bazion, eta "Libiako eredua" aplika daitekeela erran zuen.
Libiak 2004an utzi zuen bertan behera programa nuklearra negoziazioen ondoren, eta haren teknologia nuklearra AEBetara eraman zuten itsasontzietan. Piongiangek, ordea, mehatxutzat hartu ditu Penceren solasak, ulertu baitu presidenteordea 2011ko erasoaldiaz ari zela —NATOren laguntzarekin matxino taldeek Muammar Gaddafi Libiako buruzagi gorena boteretik kendu eta hil zuten—. Choe Son-hui Ipar Koreako Atzerri ministrordeak "ezjakin" eta "ergel" erran dio Penceri, KCNA agentziaren arabera. Horren ondotik eman du Etxe Zuriak eskutitzaren berri.
Konpromisoa agertu nahi
Ipar Koreak penintsularen desnuklearizazioarekin konprometituta dagoela agertu nahi izan dio nazioarteari, eta proba nuklearretarako gune bat suntsitu duela jakinarazi du. Piongiangek bost herrialdetako —Hego korea, Txina, Errudia, AEBak eta Erresuma Batua— hogei bat kazetariren aurrean leherrarazi ditu Punggye-ri zentro nuklearreko hainbat tunel, herrialdeko Ipar Hamgyong eskualdean.
Ipar Korean zentro horretan egin ditu azken proba nuklearrak: 2006an, 2009an, 2013an, 2016an bi alditan eta, azkena 2017ko irailean. Azken hori izan zen guztietan indartsuena. Leherketa hark megatoi laurdeneko indarra lortu zuela uste da. Hau da, 2006ko proban eginiko leherketa baino 250 aldiz indartsuagoa eta Hiroshimako bonba baino hamabost aldiz potentzia handiagokoa.