AEB

Trumpek demokratei ohartarazi die gobernua geldiaraziko duela bera ikertzen badute

AEBetako presidenteak ziurtatu du Alderdi Demokratak bera ikertzeko neurriak bultzatzen baditu Ordezkarien Ganberan, gauza bera egingo duela Alderdi Errepublikarrak Senatuan. Jeff Sessions fiskal nagusiak dimisioa eman du.

Donald Trump AEBetako presidentea, gaur, Etxe Zurian eskaini duen prentsaurrekoan. AL DRAGO, EFE
2018ko azaroaren 7a
07:18
Entzun

"Haiek baino hobea naiz joko horretan", ziurtatu du Donald Trump AEBetako presidenteak. Lokatzetan borroka egiteko asmorik badu, bi aldiz pentsatzeko ohartarazi dio Trumpek Alderdi Demokratari. Azken horrek gehiengoa eskuratu du Ordezkarien Ganberan, azken hauteskundeetan, eta demokratek botere hori bera ikertzeko erabili dezaketela uste du presidenteak. Trumpek erasora jo du bere burua defendatzeko. Alderdi Demokratak bera ikertzeko neurriak bultzatzen baditu, errepublikarrek Senatuan gauza bera egingo dutela ziurtatu du. Besteren artean, "informazio konfidentziala filtratzea" leporatuko diela egin du mehatxu.

Horrez gain, demokratek Trump ikertzearen alde egiten badute, errepublikarrek ez dute Alderdi Demokratarekin akordiorik bilatuko, presidentearen esanetan. Trumpek adierazi du elkarlana nahi duela demokratekin azpiegituren arloan eta osasun politiketan akordioak lortzeko. Hori, ordea, ez da posible izango demokratek presidentea ikertzeko urratsak egiten badituzte. "Gobernua gelditu egingo da eta errua botako diet", gaineratu du.

Dena den, presidenteak ziurtatu du demokratek ez dutela bere irudi politikoa zikindu dezaken "ezer ere ez".

Trumpen iritziz, joko politiko hori onuragarriagoa litzateke beretzat oposizioarentzat baino, 2020ko hauteskundeei begira. "Politikoki ikaragarri ona litzateke niretzako. Haiek baino hobea naiz joko horretan", adierazi du.

Sessionsek dimititu egin du

Hauteskundeen hurrengo egunean, Jeff Sessions AEBetako fiskal nagusiak kargua utzi du. Sessionsek eskutiz batean aurkeztu dio dimisioa Trumpi. Testuan dioenez, presidentearen eskariz utzi du kargua. Haren tokia Matthew Whitakerek hartuko du, behin-behinean, gobernuak ordezkoa izendatu artean.

Trumpek gogor jo du azken urtean Sessionsen kontra eta kritika ugari egin dizkio. Trumpek ez du batere gustuko izan Sessionsek Robert Mueller fiskal bereziaren esku utzi izana presidentearen kanpainan Errusiak esku hartu ote duen argitzeko ikerketa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.