Trumpek diru ekarpena eten dio OMEri, izurria «ezkutatzea» egotzita

Nazio Batuen Erakundeak Etxe Zuriko buruari erantzun dio ez dela halako neurrietarako garaia, eta Errusiak AEBetako osasun sistemaren egoera estali nahi izatea egotzi dio

Trump, atzo, Etxe Zurian. DOUG MILLS / POOL
Edu Lartzanguren.
2020ko apirilaren 15a
10:19
Entzun

«Nire gobernuari agindu diot diru ekarpena eteteko, ikertzen dugun bitartean zer eginkizun izan duen Osasunaren Mundu Erakundeak koronabirusaren zabalkundea izugarri gaizki kudeatzeko eta ezkutatzeko garaian», esan zuen Donald Trump AEBetako presidenteak atzo, Etxe Zurian eginiko prentsaurrekoan.

Lehen ere gogor jo izan du Trumpek OMEren aurka, eta Txinaren aldekoa izatea egotzi dio. Etxe Zuriak Txinatik helduriko bidaiariei mugak ixteko harturiko erabakia gaitzetsi zuen OMEk urtarrilean, izurriaren kontrako neurri eraginkorra ez zelakoan, Trumpek gogoratu duenez.

«Oso kezkagarria da OME isilik geratu izana ikertzaileak eta sendagileak desagertzearen inguruan, baita [Txinak] COVID-19aren jatorriaren inguruko ikerketari mugak jarri izana ere», esan du estatubatuarrak.

AEBek OMEren aurrekontuaren ia bosten bat ordaindu zuen 2018-2019ko jardunaldian, 900 milioi dolar.

Trumpen erabakiak erantzun sorta bat eragin ditu azken orduotan. «Orain ez da garaia» OMEri ekarpena eteteko, esan du Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiak. Erakunde hori ere Trumpen jomugan egon da azken urteotan. «Izurri hau igarotzen denean, une bat egon beharko da atzera begiratzeko eta ulertzeko nola sortu zen gaitz hau eta nola zabaldu zuen kaltea mundu osoan horren azkar, eta parte hartzaile guztiek nola erreakzionatu zuten», idatzi du Guterresek, ohar batean. «Baina orain ez da garai hori».

Nazioarteko erakundeen kontrako neurriak hartu ditu Trumpek aginteari heldu zion unetik. AEBak Unescotik atera zituen, NBEren Giza Eskubideen Kontseilutik, Klima Aldaketaren Parisko Hitzarmenetik eta Iranekin eginiko hitzarmen nuklearretik.

Errusiak Trumpen jarrera gaitzetsi du, eta bere osasun sistemaren egoeraren erantzukizuna beste batzuei leporatu nahi izatea egotzi dio. «Herrialde horretako politikariek beti topatzen dituzte errudunak: pandemiarenak, Txina eta OME; [Hillary] Clintonen porrotarena, Errusia; AEBetako osasun sistemaren arazoena, Putin bera», esan du Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioaren eledunak. AEBetako agintarientzat, «garrantzitsuena da asmaturiko probeta bat topatzea, eta munduaren aurrean hura aurkeztea besteen erruaren eta euren errugabetasunarena froga gisa».

Berlinek sostengua eman dio OMEri

Alemaniako Gobernuak "sostengu argia" eman dio Osasunaren Mundu Erakundeari. "OMEren lana oso garrantzitsua da, batez ere une hauetan", esan du Steffen Seibert eledunak. Nazioarteko erakundeak Berlinen "sostengu osoa eta dagokion dirua" dituela gaineratu du. Bihar bideokonferentzia egingo dute G7 taldeko estatuetako buruek, baina Seibertek ez du esan gaia aztertuko ote duten.

"Bere erantzukizunak eta egitekoak betetzeko eskatzen diegu AEBei, eta OMEri lagun diezaiola izurriaren kontrako nazioarteko kanpaina zuzentzen”, esan du Zhao Lijian Pekingo Atzerri Ministerioko eledunak. Trumpek Osasunaren Mundu Erakundeari diru ekarpena eteteko harturiko erabakiak “nazioarteko lankidetza zapuztuko” duela ohartarazi du. "Horrek mundu osoko herrialdeei eragingo die, AEBak barne”. Gaineratu du Txinak aurrerantzean ere “nazioarteko osasun publikoa bultzatzen eginkizun garrantzitsua” izango duela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.