Oztopoak estualdi handirik igaro gabe gainditzen ari da Donald Trump magnatea. Alderdi errepublikanoko aparatuak ere ez du maite; indar guztia jarri du Marco Rubioren alde, baina alferrikakoa izan da: Rubio badoa, eta Donald Trumpek geratzeko etorri dela ohartarazi du beste behin, ordezkariak jokoan zeuden bost estatutatik hirutan irabazi ondoren. Den-dena ziurtaturik ez badu ere, bigarren zerrendan Ted Cruzekiko aldea asko handitzea lortu du.
Florida estatua lortzea izan da garrantzitsuena. Hango senatari da Marco Rubio —Trump geldiarazteko errepublikanoek zeukaten esperantza—, baina emaitzak jakin bezain laster agur esan die bere jarraitzaileei, AEBek “ekaitz politikoa” bizi dutela esan eta gero. Florida eta Ohion kontaketa bitxia da: irabazlearentzat dira ordezkari guztiak, eta beraz, Floridako 99ak Trumpentzat izan dira.
Ohion izan du arantza Trumpek John Kasich izan baita irabazle, lehian jarraitzen duen hirugarren hautagaia. Bere estatua da Ohio, eta lehen garaipena izan du. Alderdi errepublikanoarentzat esperantza berria gerta daiteke, babesa eta kanpainarako dirua lortuko du orain. Litekeena da Marco Rubioren 165 ordezkariak ere bereganatzea. Oso zaila izango du Trumpi irabaztea, baina haren lasterketa geldiarazteko balio dezake.
Izan ere, errepubliknoek zapuztu egin nahi dute Trump konbentziora behar dituen hautagaiekin iris dadin:1.237 ordezkari behar ditu errepublikanoen hautagai izateko automatikoki: 630 dauzka dagoeneko. Hautagai horiek lortuko ez balitu konbentzioko ordezkariek lukete azken hitza, eta orain hori da Trumpen aurkari errepublikanoen estrategia.
Ted Cruzek dirudi Trumpen areriorik gogorrena, baina hori ere ez dute gustuko errepublikano klasikoenek, eta ez dirudi errepublikano askoren indarra bere aldera joango denik. Izan ere Trump eta Cruzek muturreko ideiak dituzte. Trump arrazista hutsa da, eta Mexiko harresi handi batez Ixtla proposatzen jarraitzen du etengabe. Baina Cruzek ere immigranteen kontrako jarrera sutsua erakutsi du, eta horrez gainera, ebangelista da, eta errepublikanoek ere nahi ez dituzten ideia defendatzen ditu arlo sozialean.
Clinton, aurrera
Demokraten aldean, berriz, Hillary Rodham Clintonek aurrera darrai. Floridan erraz irabazi dio Bernie Sandersi, botoen %65 eskuratu ditu; Ipar Karolinan %58, eta Ohion %64. Ipar Karolinan eta Floridan irabaztea espero zuen, afroamerikarren botoa del aeta, baina bere garaipen handia Ohio bereganatuta etorri da. Minnesota irabazi zuen joan den astean Sandersek, eta Ohiok antzekotasun handiak ditu harekin. HOrregatik zen oso garrantzitsua Clintonentzat. Hala, estatuak estatu, handitzen ari da ordezkarien kopurua Clinton. Ia bikoiztu egiten dizkio Sandersi.
2.237 ordezkari behar ditu Clintonek, eta denbora pixka bat emango dio alderdiaren hautagaitza ziurtatzeak, baina dagoeneko errepublikanoen kontrako mezuak egiten ditu Sanders aurkariaren kontra baino gehiago. Esan duenez, ezein hautagaik ez du lortu berak adina ordezkari, izan errepublikano edo demokrata.
Baina bereziki Trumpentzat izan ditu hitzak: "Entzuten dugunean nola buruzagietako batek herrialdetik 12 milioi pertsona bota nahi dituen, musulmanak sartzea utzi nahi ez duen… horrek ez du buruzagi sendo bat egiten, baizik eta okerra", eta gehitu du: "ardura besteengan jartzen badugu lana guk egin beharrean, ezingo dugu ezer bete. Gure hurrengo presidenteak herria batu behar du. Oztopoak gaindituko ditugu, ez harresiak eraiki".