NBE

Trumpek eta Rohanik jakinarazi dute ez direla elkartuko

Nazio Batuen Erakundeko Batzar Orokorraren 73. osoko bilkurako eztabaida hasi da gaur. Astelehenera bitarte, NBEko 195 estatuetako agintari goren gehien-gehienek eginen dituzte hitzaldiak.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia, atzo, NBEren bake goi bileran. JUSTIN LANE, EFE
mikel rodriguez
2018ko irailaren 25a
18:17
Entzun

Nazioarteko Zigor Auzitegiaren kontra hitz egin du gaur Trumpek NBEn. Esan du ez duela "ez zilegitasunik eta ez autoritaterik". Hala esan du: "Ez diogu inoiz subiranotasuna emango kontuak eskatzen ez dituen eta aukeratua ere izan ez den burokrazia bati. Globalaren ideologiaren kontra gaude, eta patriotismoaren doktrinarekin bat egiten dugu".

Michel Temer Brasilgo presidentea izan da hitzaldia ematen lehenbizikoa, eta bigarrena, berriz, Donald Trump AEBetakoa. 1947az geroztik, beti Brasilek egin du lehenbiziko hitzaldia, arrazoi sinple batengatik: lehenbiziko urteetan, herrialde bakar batek ere ez zuen lehenbiziko solas egin nahi izaten, eta Brasilgo ordezkariak borondatez hartu ohi zuen lehenbiziko hitza, azkenean tradizio gisa ezarri arte. Herrialdea presidentetzarako hauteskundeen kanpainako azken txanpan dagoela emanen du hitzaldia Temerrek —urriaren 7an da lehenbiziko itzulia—.

Osoko bilkurako bigarrena, berriz, AEBetakoa izan ohi da, batzarra hartzen duen herrialdea delako. Trumpen bigarren hitzaldia izan da osoko bilkuran; iazkoak zalaparta handia sortu zuen, bertzeak bertze, NBEren oholtzatik adierazi baitzuen Ipar Korea "suntsitzeko" prest zegoela.

Lider bakoitzaren hitzaldiaz gain, Batzar Orokorraren osoko bilkurak arreta bereganatu ohi du urtero nazioarteko gai nagusi batzuk eztabaidagai izaten direlako osoko bilkuran ez ezik baita handik kanpo antolatu ohi diren bileretan ere. Aurten, espero da AEBen eta Iranen arteko lehiak garrantzi handia izanen duela, Washingtonek akordio nuklearra utzi ondoren, eta, berrikiago, Iranek joan den asteburuan atentatu bat jasan eta AEBak erantzuletzat jo ondoren —desfile militar batean 25 pertsona hil zituzten, tiroka, Ahvaz hirian—. Bai Trumpek, bai Ali Khamenei Irango lider gorenak erran dute AEBetako presidenteak eta Hassan Rohani Irangoak ez dutela bilerarik eginen. "Agian, etorkizun batean. Ziur naiz gizon atsegina dela". adierazi du Trumpek, Twitter bidez.

Rohani bera ere gaur da mintzatzekoa osoko bilkuran. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ere gaur dute txanda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.