AEB

Trumpek familia migratzaileen banaketa eten du, dekretu bidez

Haur immigranteak bere gurasoengandik banatzeak protesta uholdea eragin du AEBetan eta AEBetatik kanpo, eta Trumpen gobernuak atzera egin du.

Donald Trump AEBetako presidentea, atzo, hedabideei adierazpenak egiten. CHRIS KLEPONIS, EFE
2018ko ekainaren 20a
07:05
Entzun

Donald Trump AEBetako presidenteak dekretu bat sinatu du AEBetara sartzen diren migratzaile sendien banaketa ekiditeko. Presidenteak berak iragarri du horretarako neurriak hartuko zituela gaur. "Familiak elkarrekin mantendu nahi ditugu. Oso garrantzitsua da. Laster zerbait sinatuko du immigrazioari buruz, hori lortzeko", adierazi du.

Haur immigranteen eta haien gurasoen arteko banaketak AEBetan eta handik kanpo protesta erantzun handia eragin du, eta Trumpen gobernuak atzera egitea erabaki du. Egoera horri amaiera emateko dekretua prestatu du Etxe Zuriak, eta presidenteak iluntzean sinatu du.

Trump saiatu da haur immigranteen eta haien gurasoen arteko banaketa presio gisa erabiltzen, AEBetako Kongresuak migrazio politikak gogortu ditzan. Fiskaltzaren irizpide aldaketak ireki du banaketa horietarako bidea. Izan ere, AEBetara legez kanpo sartzen den pertsona oro gaizkile jo du fiskaltzak, baita aurrekari penalik ez dituztenak ere. Ondorioz, immigrante horiek gaizkile gisa auzipetu ditu AEBetako Justiziak, eta haien haurrek ezin izan dute gurasoekin batera jarraitu.

Sei asteko epean, 2.000 haur baino gehiago banandu dituzte beren gurasoengandik. Horrek, AEBetako gobernuak bultzatutako irizpidearen kontrako protesta piztu du AEBetan eta herrialdetik kanpo. Trumpek protestei erantzun die argudiatuz estatuak legea bete duela eta legegileei dagokiela legedia aldatzea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.