AEBetako iritzi publikoa astindu zuen Donald Trumpek presidente kargura iristeko Errusiako Gobernuaren laguntza jaso izanaren zurrumurruek. Gaia epaitegietara iritsi zen, eta Trump epaitua izan ez zen arren, haren aholkulari izaniko Roger Stonek 40 hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen. Datorren asteartean zen kartzelan sartzekoa, baina zigorra kommutatu dio Etxe Zuriak, «injustuki» tratatua izan dela argudiatuta.
Stonek 2015eko abuztura arte egin zuen lan Trumpen hauteskunde kanpaina prestatzen, eta iazko urtarrilean atxilotu zuen FBI Ikerketa Bulego Federalak. Fiskaltzak Trumpen kanpainaren eta WikiLeaks plataformaren artean bitartekari lana egiteaz akusatu zuen. Plataforma hura izan zen Hillary Clinton hautagai demokrataren mezu pribatuak argitaratu zituena. Demokraten Batzorde Nazionalari lapurtu zizkioten mezu horiek, fiskaltzaren esanetan, Clintonen hautagaitzari kalte egiteko helburuarekin. Halere, Trump ikerketatik at uztea erabaki zuten, nahiz eta hark ikerketari oztopoak jarri izanaren zalantza agertu.
Otsailean iritsi zen 67 urteko aholkulariaren aurkako epaia. AEBetako Kongresuari gezurra esatea, ikerketa oztopatzea eta testiguen manipulazioa leporatuta zigortu zuten 40 hilabeteko espetxealdira. Etxe Zuriko bozeramaile Kayleigh McEnanyren esanetan, ordea, zigor hura ez zen justua izan, eta Stonek bere errugabetasuna defendatzeko eskubidea du: «Trumpen presidentetzari eraso egiteko saiakera gisa, ezkerrak eta hedabideetan dituzten aliatuek urte luzetan iraunarazi duten Errusiako muntaiaren biktima bat da».
Zigorraren kommutazioak espetxe zigorra barkatzen dio, baina ez du zigortua izan den delituetatik errugabetzen. Horretarako beharrezkoa litzateke barkamen presidentzial bat.
Ez da Stonen aurkako kasuak interferentziak izan dituen lehen aldia. AEBetako fiskal nagusi William Barrek, epaia ezagutzera eman aurretik, espetxe eskaera murrizteko gomendatu zuen. Hitz haiek kasuan parte hartu zuten hainbat fiskalen dimisioa eragin zuen. Justizia Departamenduko goi karguen presioak salatu zituzten horiek, Stone modu «ezberdinean eta bihozberagoan» tratatzeko eskatuz.
Trumpentzat ez ezik, beste bi presidente errepublikanorentzat ere egin zuen lan Stonek: Ronald Reagan eta Richard Nixon. Haren leloetako bat honakoa izan da: «Ez onartu ezer, dena ukatu eta kontraerasoa jaurti».