AEB-etako protestak

Trumpek militarrak kalera ateratzeko mehatxua egin die protestariei

AEBetako presidenteak konfrontazioaren estrategia erabiltzea erabaki du manifestarien aurka.

Trump, poliziak atzean dituela, Etxe Zuriaren inguruan dagoen elizara bidean. EFE
ander perez zala
2020ko ekainaren 2a
10:19
Entzun

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak protesten aurka erabiliko duen estrategiaren berri eman du: horien aurka egitea, errepresioa erabiltzea eta, beharrezkoa balitz, militarrak kalera ateratzea. Trumpek bi egun zeraman agerraldirik egin gabe, eta, gaurko ordu txikietan eman duen prentsaurrekoa manifestariei eskua helarazteko baliatu zezakeen arren, kontrakoa egiteko erabili du, eta argi utzi die konfrontaziorako eta talkarako prest dagoela.

«Barne terrorismoa da hau, eta amaitu egin behar da. Gobernariek ez badute ezer egiten, AEBetako armada atera beharko dugu. Nazioaren legeei zin egin nien, eta hori egingo dut. Legez kanpoko ekintzak bukatu egingo dira», ohartarazi zuen AEBetako presidenteak.

Prentsaurrekoa estatuetako gobernadoreen jarrera kritikatzeko ere baliatu zuen agintariak: «Eskura ditugun baliabide federal guztiak mobilizatuko ditut, zibilak eta militarrak, istiluak eta arpilatzeak gelditzeko, suntsipena eta suteak gelditzeko, eta legea errespetatzen duten estatubatuarren eskubideak babesteko».

Izan ere, gobernadoreekin herenegun egindako bideo deian, Trumpek ohartarazi zien «ahul» itxura emango dutela manifestariak «kontrolpean hartu» ezean. «Denbora galtzen ariko zarete kontrolpean hartzen ez badituzue. Zuen guztien gainetik igaroko dira, eta txoriburu itxura emango duzue», esan zien AEBetako estatuburuak.

Trumpek hartuko duen bidearen erakusle da prentsaurrekoaren ostean gertaturikoa: protestariak era baketsuan ari ziren manifestatzen Etxe Zuriaren parean, eta, orduan, Polizia Federalak sakabanatu egin zituen gasa erabiliz, AEBetako presidenteak argazki bat atera zezan ondoko elizaren parean, Biblia eskuan zuela.

Muriel Bowser Washingtongo alkatea kritiko agertu zen horrekin, argudiatuta Polizia Federalak egindakoak «zailagoa bilakatzen» duela hiriko polizien lana: «Lotsagarria izan da». Mariann Budde gotzainak ere gaitzetsi zuen estatuburuaren jarrera.

Hain justu, eliza horren sotoak su hartu zuen iragan igandeko protestetan, eta Trumpek aukera baliatu nahi izan du sinbolismoz beteriko argazki bat egiteko; izan ere, datorren azaroaren 3an presidentetzarako hauteskundek egingo dituzte AEBetan. Horri begirako keinua ere izan zen konstituzioaren bigarren emendakina aipatu izana, herritarrei armak izateko aukera ematen diena.

AEBetako presidentearen jarrera ez da denen gustukoa, eta Alderdi Errepublikanoaren sektore bat deseroso dago Trumpek esandakoekin; atzo, alderdi horretako senatari talde batek «diskurtsoa leuntzeko» eskatu zion agintariari. «Zatiketak eragiten dituen egoera batean gaude egun, areagotzen ari dena, eta uste dut batasuna lortzeari begirako iruzkinak egin behar dituela», argudiatu zuen Shelley Moore Capito senatariak.

AEBetako presidenteak herenegun adierazi zuen mugimendu antifaxista «talde terrorista» izendatu nahi duela, azken asteko protestekin zerikusia duelakoan, nahiz eta ez duen horretarako eskumenik.

Astebete manifestatzen

Astebetez jarraian protestak egin dituzte AEBetako hainbat hiritan, George Floyd afro-amerikarraren heriotzarengatik. Floyd iragan asteko astelehenean hil zen, erietxean; aurrez, Minneapolisko Poliziak geldiarazi zuen, ordainagiri bat faltsutzea leporatuta. Eskuburdinak jarrita eta lurrean etzanda zegoela, Derek Chauvin Minneapolisko poliziak zortzi minutu eta 46 segundoz izan zuen belauna Floyden lepo gainean; bi minutu eta 53 segundoz, gainera, atxilotuak konortea galdu ondoren.

Senideek eskaturiko autopsiaren arabera, poliziak eragindako itolarriak hil zuen 46 urteko gizonezkoa; egin zioten lehen autopsia ofizialean ondorioztatu zuten ez zegoela hori baieztatzeko frogarik, nahiz eta aitortu zuten giza hilketa izan zela.

Floyden heriotza salatzeko manifestazioetan, gutxienez hiru lagun hil dituzte; azken biak atzo, Chicagon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.